Genozidioa geldituko ez duten neurri eskasak
Batek daki kontzientzia gaiztoak, lotsak edo zerk eragin duen Europar Batzordeko presidenteak Israelen aurkako zenbait neurri mahai gainean jartzea. Sarraskia hasi zenetik ia bi urte igarota, Israelekin duen merkataritza akordioa partzialki etetea proposatu zuen neurri nagusi gisa, eta atzo Europako Parlamentuak proposamena babestu zuen genozidio hitza ez aipatzea adostu ondoren; nolanahi ere, erabaki hori ez da loteslea, eta Von der Leyenek esan zuenez, oso zaila izango da Europako Batasuneko herrialde gehienen babesa lortzea. Aldi berean, Errusiaren aurkako zigor gehiago iragarri zituen, herenegun Poloniaren aire eremua urratu zuelako. Horretarako ez zuen oztoporik aurreikusi. Berandu eta eskas. Hala iruditu zitzaion iragarpena Francesca Albanese NBEko kontalari bereziari.
EBk Netanyahuren diskurtsoa bere egin du eta bere printzipio eta balioak urrunegi geratu zaizkio. Herenegun arte Von der Leyenek Israelen defendatzeko eskubidea aldarrikatu izan du behin eta berriz sakaila zuritzeko. EBk basakeriarik handienen eta nabarmenen aurrean, onenean, beste aldera begiratu izan du, eta jarrera horri esker luzatu du sionismoak sarraskia. Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidea, antisemitismo akusazio absurdoa edo Hamasen propaganda dira Gobernu sionistak darabiltzan ohiko leloak, eta lelo berberak baliatu izan ditu EBk edozein salaketari ustez erantzuteko. Horregatik baztertu dute genozidioari genozidio esatea, beharbada zoritxarra izendatzea hobetsita.
Iragarritako neurriak, aurrera aterako balira ere, eskasak dira, ez baitute Israeli benetako presioa egiteko balio, nazioarteko presioak geldiarazi behar baitu eromen hura, jendartearen presioak EB mugiarazi duen bezala, atzo iragarritako neurri txepelak aurkezteko besterik ez bada ere. Nazioarteko zuzenbidearen urraketa larriak izan dira, hala nola Global Sumud Flotillari dronez eraso izana, eta ez da entzun nazioarteko erantzun irmorik; Qatarko hiriburuan Hamasen negoziatzaileen aurkako bonbardaketagatik zenbait kritika epel baino ez dira izan. Horrexek bermatzen ditu Israelen inpunitatea eta berdin jarraituko duela esateko harrokeria.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
