Larraitz UGARTE
Abokatua
GAURKOA

Inzibismoaz eta zinismoaz

Dagoeneko ondo dakigu marketin estrategia eta komunikazioaz asko omen dakiten enpresa eta pertsonek gidatzen dituztela politikan eta gauza publikoan diharduten pertsona eta alderdi politikoen posizio politiko, diskurtso eta jarduera ugari. Botere kota ahalik eta handienak lortzea xede, politikagintzara jauzi egiteko indartsua izan zen “zera hura” ahanzturan utzi eta aholku praktikoei men egin ohi zaie, moral eta baloreei gehiegi erreparatu gabe. Ez naiz kontraesanez ari, sarri besteen kontraesanak nabarmentzea maite badugu ere kontraesanak, ez dakit beharrezko, baina ekidinezinak behintzat badirelako. Zinismoaz ari naiz, kontraesanak albait ondoen kudeatzetik zinismoaren militante sutsu bihurtzerainoko bilakaeraz. Eta ziniko militante gehiegi dabil politikan (lehen ere baziren, baina ez zituzten hainbeste target, mainstream, estatistika, storytelling eta abar). Zinismo naturaletik inpostatura pasa ote ez garen...

Politikan norbere baloreen araberako jokamoldeak gehiengo zabalek uler eta jarrai ditzaten bilatzen da normalki (badira garbitasun testak maite dituztenak, ezker zein eskuin, baina horiek ez dituzte jendarteak eraldatzen normalean). Putzu handi batean bainoago ozeanoan arrantza egin eta ahalik eta arrain gehien ontziratu behar dira. Horretarako, badirudi logikaz erdian jarrita lau haizeetara arrantzatu daitekeenez, arrain gehiagorengana irits daitekeela bat. Formulazioak badu zentzua. Jendartearen gehiengoarekin konektatu, nolabait zentzu komuna deritzon horrekin eta haien antz ahalik eta gehien hartu, haiekin mimetizatu eta enpatizatu bereganatu arte. Matematika edota fisika ariketa sinple bat dirudi. Eta politikagintzan metodo honen arrakasta kasuak ukaezinak dira, urrunekoak eta gertuagokoak, metodoa ukaezin bihurtzeraino: ertzek astindu, erdiek agindu.

Baina, bizitzan beste gauzek bezala, metodo honek ez du betiere eta guztirako balio. Jendartea ez dago estankatua. Duela hamar urteko Mendebaldeko jendarteak eta 2025ekoak ez dute gauza askotan antzik. Eta, alde horretatik, geroz eta nabarmenagoa da, nire ustez, zentrismo moderatuak ez duela balio egun pairatzen ari garen testuinguruan “ondo” gelditzeko. Guztiekin konplitzea, mundu guztia kontent uztea, ezinezko bihurtzen da mundu geroz eta polarizatuago batean, zeinean derrigorrez erradikalki posizioa hartu behar den.

Hori gertatu zaie batzuei Espainiako Vueltako txirrindularien ez erortzeko eskubidea, zaleek goi mailako txirrindularitza oztoporik gabe ikusteko eskubidea eta Palestinako herriaren aurkako genozidioa salatzeko protesta eskubideak parekatu dituztenean, azken hauek besteen eskubideen zapaltzaile gisa arbuiatuz. Ikusiko dugu nola Madrilen azken hauek terroristatzat hartuko dituzten, hemen estrategia espainolegia iruditu, antza, eta inzibiko deitu dituzten bitartean. Nola ez, atzean betikoak daudela argudiatzeko tentaldiari eutsi ezinik. Inzibikoak omen batzuk; zinikoak, baina, besteak.

Hain izan da baldarra -Euskal Herrian ez ezik, beste toki batzuetan ere antzekoak gertatzen joan baitira; beraz, ezin ezker abertzalekoak atzean egon-, ezen haien komunikabide taldeek bizpahiru egunera polemika amatatu nahi dutela aitortu duten; haiek sutea piztu, erridikulua egin eta besteok lehenbailehen ahaztu dezagun.

Batzuetan txirrindularitzaren zale bat haserrearaz daiteke, bere botoa galtzeraino Palestinako herria defendatzen ari direnen aurrean. Printzipio kontu huts bat delako, arduragatik. Ez dira ekilibrismo garaiak, ez bederen Palestinarekin, gure begien aurrean ikusten ari garenarekin. Mundua eta klase politiko agintaria mantso, uzkur eta epel erreakzionatzen ari da, geldoegi, uzkurregi eta epelegi, ekilibrismo betean. Eta hemen ere horrela izaten ari da. Are gehiago esango nuke hemengo klase politiko agintariaz Madrilgoaz baino.

Ekilibrismo horrek milaka palestinar hiltzen jarraitzea ahalbidetzen duela kontziente izanik, kalkulu politikoak oker ateratzen ari dira errentagarritasun politikoa termino horietan neurtzen ari diren horiek, baina. Ze metodo horrek, lehen esan dudan bezala, garaiari/aroari begiratu behar dio eta Palestinako genozidioaren aurrean ez du balio. Herria ez baitago oreketarako, herria Palestinarekin dago, erradikalki Palestinako herriarekin, ñabardurarik gabe alde.

Astean ekilibrismo honen amaiera zantzuen beste adibide bat ikusi dugu. Duela 25 urte Hondarribiko Alardearekin tradizio matxista eta baztertzaileei sutsuki helduta zeuden agintariek, garaiak aldatzen joan ahala, ekilibrismoan oinarritutako metodoa entseatu dute: “Betikoak” ez haserretzeko alfonbra gorria jarri eta besteak (horiek ere inzibikoak izango ziren garaian) jasan, “elkarbizitza baketsu baten alde”. Hondarribian ere ez dut uste, baina egungo Euskal Herrian bederen inork gutxik uler dezake emakumeekin diskriminatzailea den desfile antigoaleko horrek zergatik duen hainbesteko babes instituzionala, alkate dekretu bat ez betetzeak suposatzen duen arau hausteak onartzea barne. Kondeszendentzia eta ekilibrismo horrek izan ditu ondorio politikoak udalbatzan eta etorkizunean ere izan ditzake, epelkeriak ez baitira gidari politiko onak geroz eta polarizatuago dagoen gizarte honetan.

Agian hauteskunde estrategia hutsek ere berraztertu beharko dituzte eraginkortasunak eta politikariek egin beharko dituzte matematika berriak. Eta, agian, egungo jendartean, non eskuin muturrak, faxistak, genozidak eta autoritarioak geroz eta oldarkorrago dauden eta urteetako lorpenen aurka erreakzio basatia egiten ari diren, ezin da orekarik egin genozidio baten aurrean protesta egitearen eta Vueltako etapa bat lasai ikusteko eskubidearen artean, edota emakumeen eskubideak zapaltzearen eta betiko gizonkoteen desfilatzeko eskubidearen artean. Agian, printzipioengatik, baina baita estrategia politiko hutsagatik ere, ez da hain komenigarria zinikoa izatea, inzibikoa baizik.