Arnaitz GORRITI
CAIXABANK MASTERSA

Mariezkurrenak Atilaren zaldiak baino kalte handiagoa eragin du finalean

Masterseko hirugarren txapela eskuratu zuen atzo Berriozarko atzelariak, aurrenekoz Zabala aurrean lagun zuela. Airean erabili zituzten Altuna eta Imaz, nahiz eta 7-15etik 15-18raino hurbildu zitzaizkien, Nafarroa Arenako lanari errematea jarri aurretik.

Pilota gupidarik gabe astindu ondoren, nagusi izan ziren Zabala eta Mariezkurrena.
Pilota gupidarik gabe astindu ondoren, nagusi izan ziren Zabala eta Mariezkurrena. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Atilaren zaldia pasatzen zen zelaian ez omen zen belarrik berriz jaiotzen. Jon Mariezkurrena kolpez fresko delarik, kendu paretik edo eskatu Masters Serieseko zesta-punta jokalariei xistera, aurre nolabait egingo bazaio. Caixabank Torneoa hirugarren aldiz irabazi zuen atzo Berriozarko atzelariak, kasu honetan Zabala lagun hartuta. Tarteka airean erabili zituzten Altuna eta Imaz, baina azkenean lana gogotik egin behar izan zuten, 22raino iritsi eta lanari errematea jartzeko.

Hobeto esanda, lana gogotik inork egin baldin bazuen, Altuna III.a eta Ander Imaz izan ziren, azken honek bereziki. 15 tanto egin bazituzten gorriek, neurri handi batean sekula ere etsi ez zutelako izan zen. Egia da, halaber, partidaren bigarren herenaren amaiera aldera urdinek behar baino pilota gehiago galdu zituztela eta gorriak, piloteoan askoz gutxiago izanagatik, aurkariei beldurra hezurretaraino sartzeko kapaz izan zirela. Izan ere, 7-15 alde erosoaz ibiltzetik 15-18 estuan gorrien arnasaren hotsa lepoaren atzealdean sentitzera pasatu ziren.

Apustuzaleak ere urdurituko ziren dexente. Partida hastear zela, dirua 100 80ri urdinen alde zen, eta esan gabe doa markagailua 7-15 jarri zenean jokatu zen apurra harrika bota zela Zabala eta Mariezkurrenaren alde. «Jokoa ez da errenta», dio esaera zaharrak, eta atzo ere gertu ikusiko zuten ezusteko galera gorriek, markagailua 15-18 jarri zuten une horretan.

«Erlaxatu egin gara eta etorri egin dira. Sufritu egin behar izan dugu azkenean, 22ra iristeko martxa ona berriro hartu arte», onartu zuen tarte oker horri buruz Jon Mariezkurrenak, finaleko jokalaririk onenak. Baina, era berean, «ez geunden batere urduri, hala ere», aitortu zuen. «Berriz ere serio jarri gara eta horrela lortu dugu irabaztea», gaineratu zuen Berriozarko atzelariak.

BONBAKETARIA NORK GELDITU!

Joe Louis boxeatzaile handiari «Detroiteko Bonbaketaria» esaten zioten, bere kolpeen indarra zela-eta. Antzekorik esan dakioke Jon Mariezkurrenari ere. Bere garaian enpresek baztertua, pilotari nafarrak jotzaile ikaragarria baino askoz gehiago ere badela erakutsi zuen atzo beste behin. Aldea bere eskuin besoaren indarrak ezarri zuen, baina Altunaren erasoei erantzuteko, zuloak betetzeko, eta ezkerrez ere pilotari ematen badakiela erakusteko, sekulako partida osatu zuen azkenerako.

«Partida guztia behartuta aritu gara eta gehiago izan dira», onartu zuen bere aldetik Jokin Altunak ere. «Frontoi honetan ez baduzu agintzen, oso zaila izaten da. Beti nahi izaten da irabaztea, baina ezin denean, ezin da», gaineratu zuen Amezketakoak.

Hala ere, Zabala aurrean tarteka nahasi zuen Jokin Altunak, eta hor aurrelari errioxarrari kosta zitzaion egokiera horretara behar bezala moldatzea, azkenerako berak ere errematatzen badakiela erakutsi zuen arren, bere aurrean Altuna egonagatik.

Ez ziren beldurtu Zabala eta bere atzelaria, eta krisi txiki horri aurre egin ostean, partidari errematea jartzeko parada ere izan zuen aurrelari errioxarrak azken tantoetan. Horrez gain, Altunak ohi baino kale gehiago egin zituen erasoan, berak esan bezala, une oro behartuta jokatu behar izan zuelako.

Izan ere, 15-18 hurbilduta ere, gorriek ezin izan zieten gainik hartu Zabala eta Mariezkurrenari. Balizko urduritasunik saihesteko, sakea berreskuratu zuten urdinek, eta behin sakea eskuan izan zutenean, 22raino zuzen-zuzen joan ziren irabazleak.

Mariezkurrenak eman zuen erakustaldiak ez zuen gutxiago merezi, akatsak akats eta aurkariak aurkari. Fernando Arretxe handiak jantzi zien txapela Caixabank Masterseko finala amaitu ostean. Atzo, bederen, ez zuen gutxiago merezi izan Jon Mariezkurrenak, berak agindu baitzuen pilotalekuan. Txapela buruan zuela, merezita luzitu behar zuen.