EDITORIALA

Genozidioa eragoztea aspaldiko eginbeharra da

Israelgo Gobernuak atzo abiatu zuen Gaza hiria suntsitzeko kanpaina militarra. Erasoaldi militar berri horrek AEBko Gobernuaren babes esplizitua du, genozidio argia den ebidentziak biderkatzen ari diren arren. Atzo ezagutu zen, adibidez, NBEren Palestinako Lurraldeetarako Nazioarteko Ikerketa Batzordearen txostena. Ondorio argia agertzen du: Israel genozidioa gauzatzen ari da Palestinan. Aurretik, ondorio hori bera plazaratu zuten, esaterako, Francesca Albanese Nazio Batuen Erakundeko Palestinarako kontalari bereziaren txostenak, NBEko Giza Eskubideen Batzordearenak, Genozidioa Prebenitzeko Lemkin Institutuarenak eta Amnesty International eta Human Rights Watch erakundeenek.

Genozidioari Buruzko Konbentzioak ezartzen du asmo genozida duen debekatutako bost ekintzetako bakar bat nahikoa dela jarduera bat genozida gisa kalifikatzeko. Bada, txostenak zehazten du Israelek bost ekintza genozidetatik lau egin dituela: biztanleria hil, kalte fisiko edo mental larriak eragin, bizi-baldintzak nahita hondatu palestinarren suntsipena eragiteko eta jaiotzak eragozteko neurriak hartu. Horren ondorioz, palestinarren bizi-itxaropena 75 urtetik 40ra jaitsi zen urriko ekintzatik urtebetera, eta gaur egun ez da 35 urtera iristen. Txostenak zuzenean leporatzen die Benjamin Netanyahu lehen ministroari, Isaac Herzog presidenteari eta Yoav Gallant Defentsa ministro ohiari genozidioa bultzatu izana. Horrela, Batzordeak genozidioaren gaineko erantzukizuna Israelgo instantzia gorenei egotzi zien.

Hala ere, Europar Batasunaren erreakzioa orain artekoa izan zen: erabakiak moteltzea. EBko bozeramaileek adierazi zuten jarrera ez dela aldatu eta auzitegi eskudunek bakarrik erabaki dezaketela genozidioa gertatzen ari den ala ez. Ildo horretan, Chris Sidoti Batzordeko kideak atzo gogorarazi zuen Nazioarteko Justizia Auzitegiak herrialde guztiei ohartarazi ziela Gazan genozidioa gertatzeko aintzat hartzeko arriskua zegoela. Une horretatik aurrera «herrialde guztiak legez behartuta geratu ziren, ez hitz politak erabiltzera, baizik eta genozidioa prebenitzeko neurriak hartzera». Eta betebehar hori 2024ko urtarrilaren 24an aktibatu zen. Gainerako guztia genozidioaren konplize izatea da. Ea Bruselan ulertzen duten.