EDITORIALA

Genozidioaren ekonomia gelditu egin behar da

NBEk argitaratuko duen txostenaren aurrean, CAFeko zuzendaritzak kontra-txosten bat zabaldu du, Jerusalemgo proiektua zurituz. «Aditu independenteek» osatuta, ez omen da identifikatu «giza eskubideen inolako urraketarik, ezta inolako inpaktu negatiborik ere». Are, egitasmoak duen «inpaktu positiboaren» erakusle, trena «arabiarrek ere erabiltzen dutela» argudiatu dute. Imanol Pradales lehendakariak, berriki CAFi «hausnarketa etiko bat» galdegin bazion ere, erabateko babesa agertu dio orain. Argudio nagusietako bat enpresak berak enkargatu eta zabaldutako txostena izan da.

Txosten hori erabat okerra da, ordea. Oinarrietatik bertatik hasita, ez dago eskuratzerik, ez dago jakiterik nortzuk diren balizko aditu horiek... Argi dagoen bakarra da ez direla «independenteak», CAFek CAFen tesiak berresteko kontratatutako kideak baitira. Txostenaren edukia ere ez da ez zuzena, ezta bidezkoa ere. NBEko errelatore berezia den Francesca Albanesek, Amnistia Internazionalak, CAFeko langileen batzordeak eta hainbat kazetari independentek azaldu duten bezala, azpiegitura hori giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen guztiz aurkakoa da: “Jerusalen Handia”ren eraikuntza kolonialean sakontzeko asmoz, palestinarren lurrak desjabetzen ditu, Israel Jerusalem ekialdeko kokaleku ilegalekin konektatzen du eta kolonoak etor daitezen herritar palestinarrak haien herrietatik kanporatzen ditu. Albanesen txostenak sakontzen duenez, Israelek «genozidioaren ekonomia» ezarri du Gazan eta Zisjordanian, eta CAF horretan laguntzen eta horren aitzakian aberasten ari den enpresetako bat da. Ez da onargarria. Are gutxiago Lakuaren %3ko parte hartze publikoa duela kontuan izanik.

Israelen genozidioa eta horren aurkako ekimenak dekantazio momentu batera heltzen ari dira, eta lerratu egin behar da nahitaez: «lotsaren zerrendak» osatu edo elkartasunaren bagoira igo; kolonizazioarekin negozioa egiten eta hori zuritzen jarraitu edo harreman komertzial oro eten. Gizarte zibilak, EHUk, zinemagileek, langileek eta beste hainbatek bidea argi marraztu dute.