Aukeratu gabeko bakardadeak
Ados Teatroak aukeratu gabeko bakardadearen inguruko zenbait bizipen taularatu ditu, bata bestearekin harilkatuz. Testigantza errealak oinarri hartuta, irudimena hegan jarri dute konpainiako kideek. “52 hertz” antzezlana Donostian estreinatuko dute asteburuan, euskaraz bihar eta etzi, espainieraz igandean. Obraren nondik norakoak azaldu dizkigu Dorleta Urretabizkaia zuzendari laguntzaile eta aktoreak.

Bakarrik bizitzea hautu propioa ez denean. Egoera hau bizi duten zenbait pertsonaia eszenan joan-etorrian ikusiko ditugu Ados Teatroaren lan berrian. Bizitza batzuen gurutzaketaren lekuko izango da ikuslea “52 hertz” obran.
Aukeratu gabeko bakardadea, jendartean puri-purian dagoen gaia aukeratu du Ados Teatroak bere ekoizpen berria ontzeko. «Nahi gabeko bakardadeak, pandemia isil batek bezala, herrialde industrializatuetako bost pertsonatik bati eragiten dio dagoeneko. Arazo estrukturala, zeharkakoa eta lehen mailakoa da; izan ere, landa inguruneetan nahiz hiri inguruneetan gertatzen da, adinekoen eta gazteen artean, eta kostu sozial oso handia du osasunean eta bizi kalitatean», adierazi dute antzerki konpainiako kideek.
«Gazte asko daude egoera horretan. Aurreiritziengatik adinekoengan pentsatzen dugu, eta gazte askok du aukeratu gabeko bakardadea. Adin guztietan gertatzen da. Pentsa, ministerioak sortzen ari dira hainbat herrialdeetan bakardadean zentratuta, horrek suposatzen duen dirutzarekin. Horrek esan nahi du benetan arazo larria bihurtzen ari dela eta errealitate oso gordina dela», nabarmendu du Dorleta Urretabizkaia zuzendari laguntzaileak eta aktoreak.
Obrako pertsonaiarik gazteena, Amaia Irazabalek gorpuztua, da horren adibidea. Bizitzaren minez bizi ezin den neska gaztea. «‘Familiarekin bizi naiz, elkar asko maite dugu, baina bakarrik sentitzen naiz’, dio momentu batean. Oso fuertea da. Familia egitura egokia dauka, ez dauka arazorik, baina gainditu ezinezko sentimendua da...», esan du.
Berarekin batera migrantea, egoitzako adineko pertsona, bere burbuila propioan bildutako profesional itxuraz egokitua, zaintzailea, bere espezieko beste inorekin sintonizatzen ez duen balea... hauek denak aurkituko ditu ikusleak eszenan.
Bost dira oholtzara igoko diren aktoreak: Martxelo Rubio, Dorleta Urretabizkaia / Ainhoa Aierbe, Amaia Irazabal, Joseba Apaolaza eta Aitzol Iraola. «Aktore bakoitzak pertsonaia bat baino gehiago gorpuztu ditu. Pertsonaia nagusiek bakoitzak istorio bat daukate eta beste pertsonaia bat ere egiten dugu, beste istorio batean barneratzen dena», azaldu du. Protagonista bakoitzak ondokoarengan eragiten du, elkar gurutzatzen diren bizipenak harilkatuz.
«Txirikordatze horiek, funtzioaren estiloa, erritmoa eta tonua sortzeaz gain, baliagarriak dira gidoiaren norabide aldaketak eta gai baten inguruko suspensea sustatzeko», diote Ados Teatroko kideek.
«GIZA FILMATEGIA» PROIEKTUA
Garbi Losadak eta Juan Antonio Vitoriak idatzi dute antzezlana, kasu errealetatik abiapuntua hartuta. «Egiazko bakartze erretratuetatik abiatzen bagara ere, ez dugu nahi esketx funtzio bat edota irudi solteen multzo bat; irudiok elkarri lotzen joango zaizkio, ‘elkar gurutzatutako bizitzak’ bezala, elkarri eraginez eta historia bakoitzaren arku dramatikoa marraztuz», adierazi dute.
«Zenbait bakartze gainditu egingo dira; beste batzuk, ordea, amaierara iritsiko dira, jakin gabe berez pasatuko diren edo kronifikatuko ote diren. Amaiera zoriontsuak izango dira, baita ez zoriontsuak ere. Denek bat egiten dute ideia batekin: adinez, jatorriz edo bizimoduz oso ezberdinak diren pertsonak harremanetan sar daitezke, partekatu eta bizipenak transmititu, eta nahi gabeko bakardade hori leundu», gaineratu dute.
“Giza Filmategia” proiektuaren barruan mikrodokumentaletan jasotako bakardade testigantzetatik abiatuta sortua da ikuskizunaren testua. «Tailerrak ere egin dira, eta elkarrizketak, errealitate gordin hori nola bizi duten, nola sentitzen diren... jakiteko», kontatu du Urretabizkaiak. Mikrodokumentaletik hainbat profil aukeratu zituzten Losadak, Vitoriak eta Urretabizkaiak, ahalik desberdinenak. «Lehenengo egunean profil batzuk erakutsi zizkigun Garbik, eta esan zigun: Orri bat hartu orain eta sortu ezazue pertsona bat, eta idatzi bere egunerokoa’. Horrelaxe hasi ginen, gogoratu du. Bakoitzak gure pertsonaia sortu genuen eta irakurri egin genuen. Gutako bakoitzak bere terrenora eraman du eta aportatu du. Oso polita izan da bidea. Gure irudimenak lana egin du, baina esentzia ez da galdu». Entseguetan izan duten «giro polita» nabarmendu du Urretabizkaiak.
Testuaren idazkera esperientzia errealetan oinarritzen den arren, ez da zuzenean lekukotasunezkoa den obra bat. Gaia gogorra bada ere, nolabait, itxaropena iradokiko duen tonu poetiko bat planteatu nahi izan dute konpainiako kideek. «Badauzka momentu hunkigarriagoak eta graziosoagoak. Publikoarentzat atsegina izan dadin kontatuta dago», Urretabizkaiaren esanetan.
Izenburuak azken 35 urteotan Ozeano Bareko hainbat tokitan grabatutako soinu bitxi baten frekuentziari erreferentzia egiten dio, balea urdin baten kantuaren antzekoa. Baina balea urdinak 10 eta 39 hertz arteko frekuentzian komunikatzen dira, eta “balea bakarti” honen ahotsa, 52 hertzean bibratzen duena, espeziearen entzumen mugatik kanpo geratzen da.
WHALIEN 52
«Dirudienez, Whalien 52 jaiotzez gorra izan daiteke, eta horregatik ez zuen inoiz ikasi bere kantuak frekuentzia egokian emititzen. Ez da beste balearik bere deiari erantzuteko gai. Teoria asko daude; balea urdin baten eta beste zetazeo baten nahasketa omen da», esan du Urretabizkaiak.
Gure jendartearen isolamenduaren sinbolo bihurtu da Whalien 52. «Lagunen beharra du, baina inork ez dio erantzuten. Balea hor dabil, batetik bestera. Gu obrarekin batera deskubritzen joan gara... Batzuek botilak botatzen dizkiote, oharra barruan sartuta, kantuak egin dizkiote... Oso famatua da».
Soinu horren oihartzunak alderik alde zeharkatzen du testua eta eszenaratze lana, tonu ez errealista batean, irudi poetikoz eta koreografiaz beteta. Javier Asinek sortu du musika.
Eszenografiak ere protagonistek bizi duten bakardadea islatzen du. «Egurrezko etxetxoak dira, eta mugitu egiten dira. Pertsonaia mugimenduan dago, baina inoiz ez da elkartzen beste inorekin. Bakardadea eternalizatu egiten da, nolabait», dio aktoreak.
Interpretazioaz gain, zuzendaritzan ere parte hartu du Urretabizkaiak. «Garbik deitu zidanean, zuzendari laguntzaile bezala aritzea proposatu zidan, eta aktore lanetan ere bukatu dut. Ez da lehenengo aldia bi lanak uztartzen ditudana. Ainhoa Aierbek eta biok pertsonaia bera egin dugu, bion artean ibiliko gara emanaldietan. Gure pertsonaia hasieran txikia zen eta bat-batean hazten joan zen, eta dimentsio handiagoa hartu du. Aldiz, tratu txarrak jasaten dituen alaba batek izan behar zuen hezurdura eta askoz txikiagoa geratu da, beste batzuk pisu gehiago hartu dutelako», azaldu du.
Bi hizkuntzatan ondu dute lana. «Testua erdaraz idatzi zuen Garbik, eta Bego ahizpak itzuli du euskarara. Guk moldatu egin dugu, gure hizkerara ekarriz, zuzentasunaren barruan». Bihar eta etzi Donostiako Antzoki Zaharrean euskaraz estreinatuko da, eta igandean erdaraz.
Ondoren hainbat emanaldi etorriko dira: Iruñea (urriak 15, euskaraz), Galdakao (urriak 26, espainieraz), Antsoain (urriak 31, espainieraz), Zizur Nagusia (azaroak 14, espainieraz), Hondarribia (azaroak 16, euskaraz), Lizarra (azaroak 23, espainieraz) eta Berriozar (azaroak 30)... Hurrengo urtean ere jarraituko dute emanaldiekin.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
