EAEko lehen sektorean %8,9k baino ez dauka web orria
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehen sektoreko enpresen %8,9k dute web orria. Eustatek argitaratu berri dituen datuon arabera, webguneen %38,5 daude euskaraz; gaztelaniaz, aldiz, %98.

Lehen sektoreko enpresen %8,9k soilik dute web orria Araba, Bizkai eta Gipuzkoan aurten, Eustat estatistika erakundeak argitaratutako datuen arabera. Hamar langile edo gehiago dituzten enpresen kasuan, ehuneko hori %34,3ra igotzen da.
Hizkuntzari dagokionez, Eustatek dioenez, web orrien %38,5 soilik daude euskaraz; %98 daude gaztelaniaz; %25,3, ingelesez, eta %10,7 beste hizkuntza batzuetan.
Horietan, besteak beste, enpresari berari buruzko informazio orokorra (%99), eskaintzen dituen produktu eta zerbitzuen katalogoa (%66,2) eta informazioaren pribatutasun aitorpena (%61,3) aurki daitezke.
Eustatek dio lehen sektoreak teknologia berrien ekipamenduak hobetzeko joerari eusten diola; 2025ean establezimenduen %80k ordenagailua dute eta %77,1ek Interneterako konexioa. 2022an portzentaje horiek baxuagoak ziren, %77,8 eta %73,4, hurrenez hurren.
Urte tarte horretan, webgunea duten enpresen kopuruak gora egin du, %7,7tik %8,9ra igo baita; era berean, merkataritza elektronikoa mantentzen duten enpresen ehunekoak ere gora egin du (%10,6tik %12,5era).
GAINERAKO SEKTOREETATIK OSO URRUN
Hobekuntza hori gorabehera, lehen sektorea oso urrun dago oraindik ere EAEko ekonomiako gainerako sektoreen kopuruetatik. Horietan ia guztiek dute ordenagailua (%95,8) eta Interneterako sarbidea (%95,5).
Alde horiek handiagoak dira honako alderdiei begiratuta: web orriaren bidezko Interneteko presentzia (%8,9 lehen sektorean eta %55,7 gainerakoetan, batez beste), datuak elektronikoki trukatzea (%14,9 eta %60,2, hurrenez hurren) eta merkataritza elektronikoa (%12,5 eta %29,9, hurrenez hurren).
Desberdintasun horiek azaltzeko, Eustatek adierazi du enpresa gehienak txikiak direla, %86,2k bi langile edo gutxiago baitituzte.
Alde horretatik, tamaina kontuan hartuz gero, hamar langile baino gehiago dituztenek gainerako jarduera-sektoreen antzeko ekipamenduak dituzte, web orrietan izan ezik. Guztiek dute ordenagailua eta Interneterako sarbidea, baina %34,2k baino ez dute webgunea, eta %16,3k merkataritza elektronikoa dute.
Lehen sektoreko establezimenduen %94k tramite edo zerbitzuren bat egin dute administrazio publikoarekin Internet bidez aurten. Hamar langile edo gehiagoko establezimenduak bakarrik kontuan hartuz gero, ehuneko hori %100koa da.
Azkenik, establezimenduen %65,9k segurtasun informatikoko neurriren bat dute.

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
