Irlandako presidentetzarako hauteskundeak, biren arteko lehia
Hauteskunde eguna da gaur Irlandan. Hiru dira presidentetzarako hauteskundeetan parte hartzeko beharreko babesa lortu zuten hautagaiak: Catherine Connolly, zentro-ezkerrekoa; Heather Humphreys, Fine Gael alderdi kontserbadorekoa; eta bere hautagaitza erretiratu behar izan zuen Jim Gavin. Laugarren bat, eskuineko populismoan kokatu daitekeen Maria Steen, atarian gelditu zen babes faltagatik.

Egia esan, Maria Steen ez da bakarra esparru politiko horretatik presidentetzarako hauteskundeetan parte hartzeko interesa agertu duen hautagaia, baina bera da azken unera arte benetako aukerak dituen bakarra. Ohiko makineria politikoaren alternatiba bezala aurkeztu zuen bere burua Steenek, baina bere ibilbide ultra-katolikoak eta abortuaren eta ezkontza parekidearen kontra duen jarrerak azkenean lehiaketatik kanpo gelditzea ekarri dio.
Irlandan presidentearen konpetentziak gutxi dira, baina eragin handia du eta eta munduan herrialdearen irudia ordezkatzen du askotan.
Michael D Higgins presidenteak zazpi urteko bigarren agindua amaituko du azaroan. Bere kargua gehienbat zeremoniatsua den arren, Higgins mugak zabaltzen saiatu da eta bere iritzia eman izan ohi du gai konkretu batzuei buruz, etxebizitzaren krisia edo migrazioaren eta arrazakeriaren inguruan, esate baterako.
Babes nahikoak lortu ostean, aurkeztuko diren hiru hautagaiak Irlandako Errepublikan une honetan dauden hiru bloke politikoak ordezkatzen dituztela esan daiteke. Alde batetik, Catherine Connollyk zentro-ezkerra eta errepublikanismoa bultzatzen ditu. Egun senatari independentea da, baina bere ibilbide politikoa Irlandako Alderdi Laboristaren zinegotzi bezala hasi zuen 1999. urtean.
Fine Gael alderdi kontserbadoreak Heather Humphreys hautagaia babestu du. Hiruretatik eskarmentu politikorik handiena duena da, 13 urtez legebiltzarkidea izan da eta Justizia, Landa Garapena eta Kultura ministerioen burua ere izan da. Mairead McGuinnessek, Europar Batasuneko mandatari ohiak, izan behar zuen Fine Gaelen hautagaia, baina, osasun arazoak medio, atzera egin zuen. Humphreys azken momentuko aukera izan da.
Hirugarren hautagaia Jim Gavin da, Fianna Fail, Irlandako gerra zibilaren ostean Errepublikaren politika agindu duenaren eskuineko alderdiaren hautagaia. Irlandan oso ezaguna da bere kirol ibilbideagatik, Dublingo futbol gaelikoaren entrenatzailea izan da eta arrakasta du herritarren artean. Hogei urte egon zen Armadan, eta ez du esperientzia politikorik.
«TRAPU ZIKINKA»
Esan liteke Irlandako Errepublikan hauteskunderik zikinenak presidentzialak direla. Informazioak era maltzurrean erabili izan dira, eta hainbat hautagaientzat beranduegi zen defendatzeko eta aukera guztiak galtzen zituzten. Ez da arraroa hautagaien «trapu zikinak» aireratzea, biografia, familiaren gorabeherak... Eta oraingo honetan ere halaxe izan da. Hasieratik Connolly jomugan egon da, eta Siriako gerraren eta Palestinako genozidioaren inguruan bere jarrera aireratu dute, parlamentari eta senatari bezala izan dituen kideen inguruko zalaparta ahaztu gabe.
Humphreys-en kasuan, ikusmiran bere familia egon da. Haren senarra Orangeko Ordenako kidea da. Aitak 1912an, Irlanda Britainia Handiaren mendean zegoenean, Irlandaren autogobernuaren kontra agiri bat sinatu zuen.
Ibilbide politikoaren faltan, Gavinek ez du hasieran bere kontrako kanpainarik jasan, baina horrek alde txar bat ere badauka: ezer gutxi hitz egiten zen berataz. Esaerak dioen bezala, politikan «edozein publizitate da hona», edota «kanpainan zutaz gaizki esaka entzutea baino are txarragoa da zutaz ezer ere ez entzutea».
Azkenean berari buruz hitz egin da, baina orain dela 5 urteko 3.300 euroko zor bat dela eta. Gavinek bere hautagaitza bertan behera utzi behar izan zuen. Erabaki horren atzean beste zerbait ote dagoen kezka azaldu dute askok.
Nolanahi dela, egoera bitxia da, zeren nahiz eta ofizialki bere hautagaia bertan behera utzi, haren izena beste bi hautagairekin batera agertuko da boto-paperetan eta bere aldeko botoak zenbatuak izango dira. Inork ez du espero, baina zer gertatuko litzateke Gavinek irabaziko balu? Momentuz inork ez du erantzunik. Hautagaia izateko baldintzen artean 35 urteko Irlandako herritarra izatea da lehena. Bitxia da, Ipar Irlandako biztanleek presidente izateko aukera dute, hor dago Mary McAleese-n kasua, baina ezin dute bozkatu.
Irlandako hautesleek ordezkaritza proportzionaleko sistema bat dute, botoa transferitzen duena. Boto-emaile bakoitzak nahi beste hautagai bozkatzeko aukera du zenbaki ordenan. Baina ez du zertan hautagai guztiei zenbaki bat esleitu behar. Lehenengo kontaketan inor ez bada hautatua izaten, azken hautatutakoen bozak banatuak izango dira boto-emaileen lehen eta bigarren aukeraren artean.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
