Yasmine KHRIS
Itzultzailea
AZKEN PUNTUA

Urriari zor

Badakit batzuk zain zeudela, nazkatuta luzatzen zen giroarekin. Beste batzuk ez, aro baten mugarri sinonimoa baita. Nik ez dut oso argi, baina udazkena plazaratu da, definitiboki. «Niretzat asteburua izan da muga» esan zigun lagunak igandeko bermutean, «hotzak etxean geldiarazi nau». Beti hartu izan dut urria aldaketa hilabetetzat. Ez bakarrik ordu-aldaketak, berez, benetako kataklismo fisiologiko eta morala sortzen duelako, baita gertaeren, erabakien aldaketatzat ere. Kandelei putz egiten lagundu dut hilabete honetan, pasteletan urtzen ziren zenbaki gorri distiratsuak erakutsiz, eta denbora aurrera doala gogorarazi didate. Hildakoen berri izan dut, heriotza isilak eta baketsuak; nazioartekoak eta tragikoak. Bizitza ospatzeko plazera ere izan dut, etortzekoa, baina baita gugan dagoena ere, gureekin. Louise Glück poetak urriaz idatzi zuen, “October” olerki mamitsu eta inspiratzailean: «Egunaren distira bihurtzen da/ gauaren distira/ sua ispilu bihurtzen da». Irratian goizetan “Udazkeneko bluesari nola aurre egin” izeneko saioa entzuten dut, eta onginahizko oldar horiek preziatzen baditut ere, gure arteko askorendako zalantzarik gabe beharrezkoa, aldi berean neure buruari errepikatzen diot: neguari ez diot beldurrik.