GARA
TOLOSA

Publikotasuna berma dezaten mobilizatuko dira Asuncionen

Tolosako Asuncion Klinikako langileek agerraldia egin zuten atzo, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Ospitalea guztiz publikoa izatea eta langile guztien subrogazioa bermatzea eskatzen dute. Horretarako, datorren azaroaren 22rako manifestaziora deitu dute.

Asuncion Klinikako langileek egindako dozenaka elkarretaratzeetako bat.
Asuncion Klinikako langileek egindako dozenaka elkarretaratzeetako bat. (Gorka RUBIO | FOKU)

Tolosaldean ospitale guztiz publikoa izatea eta Asuncion Klinikako langile guztien subrogazioa bermatzea aldarrikatzeko klinikako langileek manifestazioara deitu dute azaroaren 22rako, ELA eta LAB sindikatuekin batera. Sindikatuek atzo egindako agerraldian eman zuten deialdiaren berri. Halaber, beharginek gogorarazi zuten urte asko daramatzatela ospitale publiko bat aldarrikatzen eskualdeko bizilagunekin batera.

Langileek gaineratu zutenez, ikusita egunotan Alberto Martinez Lakuako Osasun sailburuak enpresa batzordeari eskainitako informazioa eta publiko egin dituen albisteak, gaur egun Asuncion Klinikan lanean ari diren 350 langileek ez dute inolaz ere bermatuta lanean jarraitzea. «Sailburuak mahai gainean, hitzez, jarri duen proposamenak soluzio partziala eta denboran mugatua eskaintzen du, eta langileek ez dute ontzat ematen», azaldu zuten.

Donostiako Onkologikoko langileen kasua aipatu zuten adibide moduan Asuncion Klinikako langileek. Orain dela hilabete batzuk langileak subrogatu egin zituzten bertan eta egun Osakidetzako langileak dira. Hortaz, Tolosan irtenbide bera hartzea eskatzen dute. Zerbitzuei dagokienez, plan funtzionalik ez dagoela salatu zuten langileek, «xehetasunak falta» direla. Hala ere, Asuncion Klinika %100ean publikoa izango den bermerik ez dagoela uste dute, «ezta aldarrikatzen ditugun zerbitzu guztiak izango dituen eskualdeko ospitalea izango denik ere, besteak beste, Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratutik zintzilikatutako bereizmen handiko anbulatorio baten itxura duelako».

Beraz, ELAk eta LABek manifestazioara deitu dute datorren azaroaren 22an, Tolosan, 12.00etan Triangulo plazatik abiatuta. «Ahalik eta jendetsuena» izan dadin eta «inoiz baino ozenago aldarrikatu beharra» dagoela uste dutenez, sindikatuei eta eskualdeko eragileei atxikitzea eskatu diete. Bide batez, Tolosaldeko alkateei, langileei subrogazioa bermatu ezean, proiektua ontzat ez ematea eskatu diete.

TOLOSALDEKO OSPITALEA

Tolosaldeko «ospitale publiko berria» bost urteko epean martxan egongo dela iragarri zuen udan Alberto Martinez Lakuako Gobernuko Osasun sailburuak. 74 ospitalizazio ohe izango ditu, hiru ebakuntza gela, eta bereizmen handiko kanpo kontsultak izango dira bere jardunaren muina. Eskualdeko 60.000 biztanleri eskainiko die arreta.

Sailburuak azaldu zuenez, ospitalea Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuaren mende egongo da, eta «erreferente» izango da konplexutasun txikiko zirkuituetan, hala nola prozedura diagnostikoetan eta proba osagarrietan. 1.200 kirurgia prozedura baino gehiago egingo dira urtean, eta 3.000 endoskopia azterketa. 74 ohe eta ebakuntza gelez gain, erresonantzia zerbitzu bat ere izango du; «Gipuzkoa osorako zerbitzua eskaintzeko pentsatua».