GARA
BILBO

Hegazti migratzaileen ehizaren geroratzea eskatu dute

Eguzki talde ekologistak espezie migratzaileen ehizaren «berehalako geroratzea» eskatu die foru aldundiei, Europan antzemandako «hegazti gripearen agerraldi larri eta jarraitua» dela eta.

«Europar Batasunak premiazko neurriak hartu behar izan ditu. Hedatzen ari den hegazti gripea mehatxu larria da osasun publikoarentzat, oilategientzat eta biodibertsitatearentzat, bereziki espezie migratzaileek birusaren hedapenean duten eraginarengatik», adierazi du elkarteak.

Eguzkik gogorarazi du «epidemiologia adituek ohartarazi dutela birusak gizakiengan transmititzeko gaitasun handiagoa har dezakeela, ondorio ezezagunekin», hegazti kutsatuen eta pertsonen arteko kontaktuak arriskua areagotzen baitu.

Horregatik, elkarteak lehentasuntzat jotzen du «hegazti basatiekin kontaktu zuzena dakarten jarduera guztiak mugatzea, bereziki ehiza, birusaren zirkulazioa murrizteko eta fauna basatia eta pertsonak babesteko».