GARA
HONDARRIBIA

Zaldunbordako sustatzaileek 13,7 milioi euro eskatzen dizkiote Udalari

Zaldunbordako makrooutleta bultzatu zuten Higertoki eta Zaldunborda Berri sustatzaileek 13,7 milioi euroko demanda aurkeztu dute Hondarribiko Udalaren kontra, proiektua bertan behera gelditzeak eragin dizkien kalte ekonomikoengatik, Hondarribiko Udalak jakitera eman duenez.

Irungo epaitegian jarritako demandaren oinarrian EAJk gidatutako gobernuak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) onartzean egindako akatsa dagoela adierazi du Udalak: «2019-2023 agintaldian EAJren gobernuak HAPOa osatzen egindako akatsek eragin zuten planaren baliogabetzea. Ondorioz, HAPOan jasota zegoen Zaldunbordako makrooutletaren proiektua bideraezin bihurtu zen». Herritarren plataforma batek hasieratik eskatu zuen proiektua bertan behera uzteko.

«LARRIA»

Igor Enparan alkateak zuzentzen duen udal gobernuak larritzat jo du demanda, eta makrooutletaren sustatzaileei ordaindu beharko balie Udalak «kolpe handia» jasoko lukeela gehitu du. «Hondarribiarrok ezin dugu hipotekatu gure oraina eta etorkizuna politiko batzuen kudeaketa kaskarragatik», adierazi du Udalak.

Hondarribiko Udalak argitu du dituen baliabide guztiak jarriko dituela sustatzaile horien asmoei aurre egiteko. Era berean, «modu garden batean» egingo duela nabarmendu du.