MAIDER IANTZI
DONOSTIA

Alava Sarea Hollywoodeko film baten gisa azaldu du Katixa Agirrek

Bittori Etxeberria, Itziar Mujika, Tere Verdes eta Delia Lauroba dira Katixa Agirreren nobela berriko protagonistak, Alava Sareko kideak laurak. Hasieran elkartasun sarea zen, 1936ko gerrako gudari presoak babesteko, baina gero hazi eta espioitza sare bihurtu zen, nazioarteko aliatuak lagundu eta informazioa pasatzeko. Thriller bat bezala irakurtzen da Elkar argitaletxearekin ateratako «Barne zerbitzuak».

Katixa Agirre, «Barne zerbitzuak» (Elkar) nobela aurkezten, atzo Donostian.
Katixa Agirre, «Barne zerbitzuak» (Elkar) nobela aurkezten, atzo Donostian. (Jon URBE | FOKU)

«Beti azkena da hoberena», hasi zen Katixa Agirre “Barne zerbitzuak” (Elkar) bere azken eleberriari buruz. «Desberdinena ere bai, nobela historiko bat delako, benetako gertaeretan oinarritua, nirekin zerikusirik ez dutenak. Orain arteko liburuetan bazegoen lotura biografikoren bat, baina oraingo honetan benetako pertsonaiak dira, beste belaunaldi bateko emakumeak, paper garrantzitsua izan arren ahaztuak izan direnak».

Eusko Alderdi Jeltzalearen barruan, Emakume Abertzale Batzako kideek osatu zuten Alava Sareari buruzko kontakizuna ondu du idazle arabarrak. Hasieran elkartasun sarea zen, 1936ko gerrako gudari presoak babesteko. Hazi eta espioitza sare bihurtu zen, nazioarteko aliatuak lagundu eta informazioa pasatzeko. Sekulako istorioa da, ikusgarria, eta Agirrek ez dio epikotasun horri uko egin, jakinda sareko kideak umilak izan zirela beti.

«James Bonden pelikula bat bezala kontatu dut. Asko arriskatu zuten eta asko galdu zuten. Thriller baten moduan irakurtzen da. Garaiko testuinguruari lekua eman diot. Dibulgazio horri oihartzuna ematea izan da nire asmoetako bat», adierazi zuen.

LEHEN TXINPARTA

Orain dela zazpi bat urte dibulgazio ariketa handi bat egin zen Alava Sareari buruz; erakusketa bat egin zen, eta liburu bat ere atera zuen Arabako Foru Aldundiak. Orduan jakin zuen Agirrek honen inguruan. Arabarra izaki, arreta eman zion Arabaren pisuagatik ere, eta benetako garrantzia ulertarazi nahi zuen. «Britainiarrak edo amerikarrak izan balira, pelikulak egongo lirateke, eta guk ez dugu izan halakorik. Hortik nire jokoa: Hollywoodeko mainstream pelikula bat bezala kontatzea».

Historialariei esker idatzi du liburua. «Sekulako artxiboa dago honen inguruan, ez nekien, asko harritu nau». Bereziki eskertu du Eugenio Ibarzabal, emakume hauek elkarrizketatu eta grabatu zituelako. Idazleari zirrara eragin zion beren ahotsa entzuteak. Benetako gorputza hartu zuten orduan. Joseba Agirreazkuenaga historialariari ere adierazi dio esker ona, oharrak eta zuzenketak egiteagatik.

NOBELA KORALA

Bittori Etxeberria, Itziar Mujika, Tere Verdes eta Delia Lauroba dira istorioaren protagonistak. Badira pertsonaia gehiago ere. «Jose Antonio Agirre da horietako bat, serie edo pelikula bat merezi duena. Luis Alavak ere pisu handia hartzen du».

1937 eta 1943 urteen artean kokatzen da istorioa. «Gertaerak hor zeudenez, ezin nuen asmatu. Sarea nola sortzen den, nola handitzen den, nola sartzen diren gauza arriskutsuagoak egiten, eta nola erortzen den ere. Hiru ekitaldiak oso argi daude eta hala banatuta dago liburua, oso klasikoa da horretan ere. Ez nekien zer luzera izango zuen, baina azken partea murriztu dut, oso gogorra egiten zitzaidalako».

MISTERIOA

Nahiz eta aunitz jorratu den historialarien partetik, badago istorio honetan guztian misterio bat ere: «Zergatik erori zen sare hau, zergatik deskubritu zuten. Naziak Eusko Jaurlaritzaren Pariseko egoitzan sartu ziren eta txosten bat topatu zuten zeinak sare honen funtzionamendua eta partaideak zein ziren kontatzen zuen. Zergatik geratu ziren paper horiek hor hain delikatuak izanda? Paris erori eta lehen atxiloketetara sei-zazpi hilabete pasatu baziren, zergatik ez zien inork abisatu emakume hauei arrisku larrian zeudela?».

Bada hipotesi bat, traidore bat zegoela. «Ez dut beste ezer topatu, Balerdi izena soilik, eta izen hori baliatuta, Balerdi nor zen jakin gabe, asmatu egin dut Balerdi bat».

Bost emakume ageri dira liburuaren azalean: lau protagonistak eta Felicitas Ariztia, bera ere sareko partaidea. Libre utzi zituztenean egindako argazkia da. Pasatakoak pasata, nahiko zoriontsu ematen dute eta hori gustatzen zaio Agirreri. «Haiek ez dakite Francok zenbat iraungo duen. Esperantzari eutsi zioten. Ez da gerra historia miserable bat, ez ziren hain galtzaile sentitzen, historiaren alde onean zeudela sentitzen zuten».