Aloña JAUREGI eta Edurne HUESA
Landarlan ingurumen elkartea
KOLABORAZIOA

Jose Maria Faus ornitologoa oroituz

Azaroaren 1ean Ordizian hil da Jose Maria Faus Yurrita ornitologoa eta Aranzadi zientzia elkarteko kidea izandakoa. Lerro hauetatik gogoratu eta eskertu nahi dugu bere lan izugarri eta garrantzitsua gure faunaren ezagutzan eta ikerketan.

Aranzadiko Ornitologia saileko eta geroago Ornodun saileko arduradun nagusia izan zen hainbat urtez. Halaber, Aranzadi hegaztiei eraztunak ipintzen Espainian hasi zenean, Fausek beste kideekin batera Iberiar penintsulako hegaztien lehenengo eraztuntze bulegoa sortu zuen.

Ordizia mailan “Estudio de los Valores naturales del Parque de Oianguren”(1989) azterketako egileetako bat izan zen. Eta Aralarren inguruan ikertu zuen baita, horren adibide “Montes de Enirio-Aralar” artikulua (1978) eta Aranzadiko Ornodunen lantaldean egindako “Estudio de los vertebrados de la Sierra de Aralar”.

Horrez gain, Euskal Herriko hainbat natur eremutako ikerketetan parte hartu zuen: Oñati, Mendata, Txingudi, Gorbeia, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ornodun Kontinentalen Atlasean ere lan egin zuen.

Berari esker, asko ikasi dugu gure inguruko faunaz, hegaztiez bereziki, eta haiek babesteko beharraz. Familiari gure doluminak helarazten dizkiogu. Jose Mari gure oroimenean egongo da.