Arnaitz GORRITI
BEHOBIA-DONOSTIA LASTERKETAREN 60. EDIZIOA

Raul Celada eta Tisalema garaile, zaleak hauspo

28.000 dortsal banatuta, eguraldia lagun eta jende andana bide bazterrean. Behobia-Donostiaren 60. ekitaldia hutsik egin ezin den urteroko festa izan zen, atzo ere goiz esnatzea justifikatu zuena. Irabazleak Raul Celada eta Katherine Ruth Tisalema izan ziren; Bikila taldekoek eraman zuten ikuskizuna, giroak azken marraraino hauspotuta.

Zaleen bultzadarekin, Raul Celada Mirakruzen behera nagusi izan zen. ndoni CANELLADA
Zaleen bultzadarekin, Raul Celada Mirakruzen behera nagusi izan zen. ndoni CANELLADA (A | FOKU)

«Zaleek egiten dute Behobia-Donostia hau horren berezia», onartu zuen Raul Celadak, Bikila taldeko korrikalariak, Behobia-Donostiaren 60. ekitaldiko garaileak. Antzera, «zaleen animoekin, une oro hegan zoaz», onartu zuen talde bereko Katherine Ruth Tisalemak, lasterketako emakumezko irabazleak. Izan ere, Behobia-Donostia lasterketa herrikoia lehiatua izateaz gain, jaia eta ikuskizuna ere bai baita, eta atzo, eguraldia lagun, halaxe egiaztatu zuten garaileek.

Hain zuzen, irabazle biek aurreneko aldiz parte hartu zuten atzo Behobia-Donostian. Mirakruz gainaren bueltan erabaki zuten lasterketa, eta are garrantzi handiagoa eman zioten jendearen bultzadari, lasterketa honetan gailentzeaz gain, esfortzu eta nekearekin gozatzeko.

«Lasterketa jokatu bezperan kide batek esan zidan Behobia-Donostia munduko lasterketa politena dela, giroagatik. Euskal jendartea halakoa da, beste proba batzuetatik ezagutzen dudalako, eta arrazoi du. Mirakruzen Iraitz Arrospidek -hirugarren azkenean- jo du eta hantxe eusten saiatu naiz, atzetik aurrera eginez eta indarrak zainduz. Baina batik bat jendeak eraman nau gorantz. Oso indartsu sentitu naiz bultzada horri esker eta gaina amaitzear zela harrapatu dut Iraitz, eta beheranzkoan nire martxa jarri dut, eta irits nendila iritsi behar nuen horraino. Azken kilometroetan, berriz, gozagarria izan da proba amaiera jendearen laguntzari esker», aitortu zuen Astorgan jaio eta atleta izateaz gain erizain lana ogibide duen korrikalariak.

Goizeko hamarretan, jende andana Behobiako irteeran, hala korrika aritzeko nola korrikalariak hauspotzeko. Eguzkitsu baina fresko zela, gurpil-aulkietako eta handbikeko lasterkariek eman zioten hasiera, urtero legez, lasterketa honen 60. ekitaldiari. Aurrean, 20 kilometroko lasterketa gogor eta gorabeheratsua.

LEHIARAKO ETA GOZATZEKO APROPOSA

Chakib Lachgar, azken urteetako irabazlea eta probaren errekorraren jabea, atzoko egunean ere garaipena lortzeko faboritoa zen, baina seigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Bidean izan diren obrak direla-eta lasterketak 200 metro gehiago izateak erasan ote zion? Nekez. Besterik gabe, bost lagun bera baino indartsuago izan zituen aurrean eta kito!

Era berean, emakumeen artean Katherine Ruth Tisalema Ekuadorreko lasterkaria eta Kenyako Noshim Kimuge berehala aurreratu ziren. «Maite ditut aldapak eta erritmo aldaketak! Mirakruzeko aldaparaino elkarrekin joan gara eta hantxe erabakiko zela ikusi dugu», esan zuen Tisalemak.

28.000 ISTORIO, BAKOITZAK BEREA

Behobia-Donostian parte hartzerakoan erronka pertsonal ezberdinak izaten ditu jendeak. Esaterako, emakumeen artean iaz nagusi izan zenarena, Mireia Guarnerrena. «Lau hilabeteko jaioberri bat daukat eta hark eman dit helmugara iristeko bultzadatxoa», azpimarratu zuen korrikalari katalanak.

«Badakit lasterketak emakumeen eta gizonezkoen arteko parekidetasuna bilatzen duela eta nik ere nire aletxoa jarri nahi nuen. Familiak ez zekien oraindik, baina bi hilabeteko haurdun nengoen iaz Behobia irabazi nuenean. Mediku azterketa egin nuen eta baimena eman zidaten proban parte hartzeko, eta irabazi egin nuen. Aurtengoan banekien ezingo nuela irabazi, baina nire buruari erakutsi nahi nion, baita gainerako emakumeei ere, entrenatzea, ama izan berritan ere ariketa fisikoa egitea, zeinen garrantzitsua den», gaineratu zuen.

Politikariak, falta zirenak oroitu zituzten pertsona ezezagunak, lasterketa Palestinaren alde aldarri egiteko baliatu zuten korrikalari afizionatuak... 28.000 dortsal banatu ziren, bakoitzak atzean bere istorio pertsonala zuela.