Hegoi BELATEGI
DONOSTIA
Entrevue
aiert larrarte
Iratxe Sorzabalen abokatua

«Kondenak baliogabetu eta Iratxek kanpoan egon beharko luke»

Aiert Larrartek, Iratxe Sorzabalen abokatuak, NAIZ Irratian elkarrizketa eskaini zuen atzo. Torturen salaketaren ondorioz abian jarritako auzia berriro irekitzea eskatu zuen. Aldeko epaiak aurretik ezarritako zigorrak baliogabetuko lituzke, elkarrizketan nabarmendu zuenez. «Iratxek kanpoan egon beharko luke», adierazi zuen Sorzabalen abokatuak.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Udaberrian Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zuen Iratxe Sorzabal eta atxilotua izan ondoren pairatutako «tratu gizagabeak» onartu zituen. Elektrodoak aplikatu zizkiotela aitortu zuten epaileek. Sei hilabete geroago, euskal presoak 2001ean jarritako salaketaren ondorioz Madrilgo epaitegi batean abiatutako prozesua berriro irekitzeko eskatu du. Izan ere, epaileek Guardia Zibilak eragindako torturak ontzat emanez gero «aurretik dauzkan kondenak baliogabetu beharko lituzkete eta Iratxek kanpoan egon beharko luke».

Hala adierazi zuen atzo Sorzabalen abokatua den Aiert Larrartek NAIZ Irratian egindako elkarrizketan. Bertan azaldu zuenez, «teorian» epaiketa publiko batera iritsi beharko luke salaketak, eta bertan argitu beharko litzateke gertatu zena, txostenak eta adierazpenak oinarri hartuta. «Guk eskatu ditugu froga gehigarriak; nahi ditugu tortura salaketaren ondoren egin diren txostenak jaso daitezen salaketan eta txosten horiek egin dituzten medikuak adierazpenak egitea prozeduran bertan. Gainera identifikatuta daude Iratxe atxilotu zuten guardia zibil guztien izen-abizenak, eta nahiko genuke Iratxe zeintzuek torturatu zuten identifikatu ahal izatea», gaineratu zuen Larrartek.

Azaldu zuenez, prozesua berriro irekitzearen arrazoiak bi multzotan banatzen dira. Batetik dago Auzitegi Nazionalak maiatzean emandako sententzia, eta bigarren blokean dira «bai nazioarteko erakunde eta tribunalen erabaki eta txostenak». «Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak emandako sententziak; Nazio Batuetako Torturaren Aurkako Komiteak hartutako erabakiak, azkena Raul Fuentesen kasuan emandakoa; eta Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak ere egindako adierazpen eta gomendioak. Denak ildo berean adierazten dira: Espainiak gehiago ikertu beharko lituzke tortura salaketak eta gainera horiek ezin dira preskribatu», azaldu zuen.

Larrartek gogoratu zuen Sorzabalen aurka hiru prozesu izan direla, eta hiruretan emaitza ezberdina izan dela, «nahiz eta froga berdinak izan». «Lehenengo epaiketan kondenatu egin zuten 24 urtera, eta guk horren aurka helegitea aurkeztu genuen Auzitegi Gorenean eta atzera bota zuten, eta helegitea aurkeztu genuen Konstituzionalean, eta hori ere atzera bota zuten; orain Estrasburgora joan gara», adierazi zuen eta Europako sententzia ezagutu arte sei edo zazpi urte igaro ahal direla ohartarazi. «Eta izan dira beste bi epaiketa, eta bietan absoluzioa egon da, batean froga faltagatik eta bestean demostratu delako torturatua izan dela». «Hiru epaiketa, hiru emaitza ezberdin, baina hiruretan frogak berdinak dira». Horiek dira polizia etxean, torturapean, lortutako adierazpenak.

«Hala izaten da Auzitegi Nazionalean, segun zein epaile tokatzen zaizun alde batera joango zara edo bestera. Justizia administrazioaren arazoa da», azaldu zuen abokatuak.

Eta etorkizunari begira anbiguotasun horren arriskua mantentzen da, aldeko epaia lortu arren. Xabier Atristainen auzia adibide bat da. «Orain dela hiru edo lau urte Estrasburgok argitaratu zuen Atristainen auziaren sententzia. Irakurri genuenean pentsatu genuen eragina izan beharko lukeela euskal preso guztien egoeran», izan ere, baliogabetzen zituen inkomunikazioan egindako adierazpenak. «Baina egun, oraindik, Atristaini ere ez diote aplikatu», gaineratu zuen.

Dena den, orain arte egindako lana goraipatu zuen abokatuak: «Kalean egiten dena, nazioarte mailan egiten dena, torturatuen sareak antolatzea, Estrasburgoko erabakiak, NBEko errelatorearen bisitak, txostenak... honek guztiak erraztu egin du gertatu dela azaleratzea».

«Bazegoen zinemagile bat, Sam Peckinpah; honek heriotzak kamera geldoan filmatzen zituen testuinguruan ez jartzeko eta heriotzak dituen ertz guztiak sentiarazteko. Nik uste dut bagaudela momentu horretan, non torturaren gaia polikiago landu daitekeen, antiterrorismoaren zurrunbilo horretatik at. Eta uste dut egiten den lanak emaitza gehiago eman ditzakeela. Ea horrela den», adierazi zuen.