Alaia SIERRA
GASTEIZ

Konplizitate sareak salatuko ditu Mugimendu Feministak A25ean

Azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurka «enegarrenez» kalera ateratzeko deia zabaldu du Mugimendu Feministak. Aurtengo mobilizazioetan indarkeriaren aurrean erasotzailearekiko konplizitatea salatuko du, «Zuen hipokrisia indarkeria da!» lelopean.

Mugimendu Feministako kideek Gasteizen eskainitako prentsaurrekoa.
Mugimendu Feministako kideek Gasteizen eskainitako prentsaurrekoa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Indarkeria matxista sostengatzen duten egiturak, konplizitate sareak eta anaidiak salatzeko kalera ateratzeko deia zabaldu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Aurtengo azaroaren 25ean, indarkeria matxistaren aurkako egunean, horretan ardaztuko dira hiri eta herrietan deitutako mobilizazioak. “Zuen hipokrisia indarkeria da!” lelopean «enegarrenez» mobilizatzera deitu dute.

Hala, manifestazioak deitu dituzte Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. 19.00etan izango dira, Baionan izan ezik, ordu erdi lehenago hasiko da-eta han, geltokitik. Bilbon Jesusen Bihotzetik abiatuko da, Donostian Bulebarretik, Gasteizen San Anton plazatik eta Iruñean Gaztelu plazatik.

Atzo Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan azaldu zutenez, «indarkeria matxista beste hamaika formatan ikusi dezakegu gure egunerokoan». Nabarmendu zutenez, «jasaten dugun indarkeria ez da ausazkoa», sistema «kapitalista, zisheteropatriarkal eta arrazistak» hau betikotzeko dituen egitura eta mekanismoen ondorioa baizik.

Mugimendu feministaren urrats bakoitzaren aurrean «oldarraldi berri bat» datorrela deitoratu zuten, «eskuinetik nahiz ezkerreko sektore erreakzionarioen» partetik. Izan ere, feministen aurkako mezuak, mezu arrazistak eta mezu transfoboak, besteak beste, hedabideetan, sareetan eta kaleetan zabaltzen ari direla ohartarazi zuten.

«Are gehiago, azkenaldian, Euskal Herriko hainbat txokotan erasoak publikoki salatzera atera garenean ere, boikotatuak eta gutxietsiak izan gara, gure aldarriei eta ekintzei zilegitasuna kentzen saiatu direlarik», gaineratu zuten. Hori egin dutenak «inguruan ditugun gizonak dira», salatu zuten, eta, era berean, nabarmendu zuten erasotzaileak eta antifeministak «gizaki abstraktuak» ez direla.

Konplizitate eta anaidia sareak «itun patriarkalak» direla azaldu zuten, eta gizonez gain bestelako egiturek ere parte hartzen dutela, tartean «indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartzen ez dutenek».

Horrekin batera, arrazakeria zabaltzeko feminismoa eta indarkeria matxistaren aurkako mezuak «erabiltzen» dituztenak seinalatu zituzten. «Sistema arrazista eta kolonialista betikotzen dituzten egiturak salatzen jarraituko dugu, bai eta berau sostengatzen duten legeak deuseztatzeko eskatzen ere, atzerritartasun legea, kasu», salatu zuten.

Halaber, Palestinako, Saharako, Sudango eta beste herrialde batzuetako feministak eta Euskal Herrian azken urtean eraildako sei emakumeak gogoan izan zituzten.

SINDIKALISMO FEMINISTA

Bestalde, LABek sindikalismo feminista aldarrikatuko du, eta mobilizazioak deitu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, 11.00etan: Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean; Donostian, Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean; Iruñean, Gaztelu plazan; eta Gasteizen, Lan ordezkaritzan.

Haien esanetan, indarkeria matxistak egunerokoan lan eremuan hartzen dituen formak gurutzatzen dituzte prekaritateak eta botere harremanek. Halere, «argi ikus daiteke zein helduleku gutxi eta zenbat oztopo dauden halako egoerei aurre egiteko, erasoak salatzen direnean ez delako neurririk hartzen, edo, neurri zigortzaileak hartu bai, baina erasoa salatzen duen pertsonaren erreparaziorako inolako neurririk ez delako hartzen».