GARA
IRUÑEA

Nafarroako ikasleen %54k eskolan jazarpena jasan dutela aitortu dute ikerketa batean

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako Nafarroako ikasleen %54k eskolan jazarpena pairatu izan dutela adierazi dute ikerketa batean. Datu horiek sei puntuko igoera dakarte, duela bi urte egindako beste ikerketa batekin alderatuta. Gisa horretako jazarpenak egin dituztela onartzen dutenen ehunekoa %46ra heldu da: duela bi urte bildutako datuetan baino hamar puntu gehiago.

Eskola jazarpena aztertzen du ikerketak.
Eskola jazarpena aztertzen du ikerketak. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Nafarroako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen %54k jazarpen jokabide bat edo gehiago -fisikoa, hitzezkoa, soziala edo psikologikoa- jasan dutela onartu dute. Datu horiek «zaurgarritasun eta sendotasun emozionala hezkuntzan» ikertzen duen lehen azterlanean bildu dira.

Ehuneko horrek jazarpenaren sei puntuko hazkundea adierazten du, duela bi urte, 2022-2023 ikasturtean, Maite Garaigordobil EHUko Ebaluazio eta Diagnostiko Psikologikoko katedradunak egin zuen txostenarekin alderatuta. 15.544 ikasleren artean egindako ikerketa horren arabera, haietako %48,4k jazarpen presentziala pairatu zuten.

Adimen Emozionalaren Katedraren azterketa berriak 2024-2025 ikasturtean lortutako datuak biltzen ditu. Lehen Hezkuntzako (5. eta 6.), DBHko, Batxilergoko eta LHko 3.410 ikasle eta 1.481 irakaslek parte hartu dute, era anonimo eta borondatezkoan. UNEDeko irakasle Juan Carlos Perez-Gonzalezek zuzendu du ikerketa.

Azterketak nabarmentzen du, halaber, azken kurtsoan jazarpen jokabide horiek -fisikoa, hitzezkoa, soziala edo psikologikoa- izan zituztela aitortzen duten Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleen ehunekoa %46ra iritsi dela. Erasotzaile rola jokatu duten ikasleen ehuneko hori hamar puntuan igo da 2023ko %32aren aldean, eta «igoera garrantzitsu eta kezkagarria da».

Era berean, zehazten du azken ikasturtean Lehen Hezkuntzako ikasleen %62k eta DBHko %61ek jazarpen jokabide bat edo gehiago ikusi dituztela pertsonalki, aurrez aurre, fisikoa, hitzezkoa, soziala edo psikologikoa. Halako «ikasle lekukoen» portzentajeak ez dira asko aldatu eta 2023an atzemandako %64 haren antzekoak dira. Beraz, biktimek eta erasotzaileek gora egin dute, baina lekukoen ehunekoak berdin jarraitzen du.

ISOLAMENDU SENTSAZIOA

Bakardadeari dagokionez, ikerketa hau aitzindaria da eta ziurrenik Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen lagin handi batean gai hau aztertzen duen Estatuko lehenengo ikerketa da, baina horrek esan nahi du ez dagoela konparazio eskala eskuragarri, momentuz, batez besteko bakardade maila normala, baxua edo altua den ebaluatu ahal izateko.

Hala ere, bakardade sentimenduaren eta jazarpen esperientzien artean alderantzizko lotura estua dagoela azaleratu du azterketak.

Zehazki, bakardade sentimendu handiagoa duten ikasleak ahulagoak dira aurrez aurreko jazarpenen biktima izateko. Baina, era berean, erasotzaile rola hartzeko esperientziak dituzten ikasleak izan ohi dira. Emaitza hauek agerian uzten dute biktimen profilean ohikoa den ahultasun emozionala. Antza denez, bi ikasle profilek isilik jasaten dituzte bakardade sentimenduak (adibidez, «baztertua sentitzen naiz, besteek ahaztuta», «ez daukat inor fidagarri», «jendea nire inguruan dago, baina ez dut nirekin sentitzen».

Bestalde, irakasleen artean zenbatek duten burn-out edo erreta egotearen sindromea aztertu da eta maila ez dela altua ondorioztatu da, %7aren ingurukoa baita.