Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Itzulpenak

Aurrekoan, euskal artisten II. mintegian, Bernardo Atxagak aldarrikatu zuen, beste kontu interesgarrien artean, itzulpenaren garrantzia gure hizkuntzarentzat, ezinbesteko zutabe gisa azaldu ere. Itzulpengintzaren gainean egin zen Galeusca ekarri zidan gogora. Hizkuntza gutxituentzat itzulpengintzak duen garrantzia aldarrikatu zen orduan ere. Literatur itzulpenek joan-etorrikoak izan behar zutela esaten zen, gurea kanpoan ezagut dezaten eta besteenak gure hizkuntzan jaso ditzagun.

Ipuin kontalaritzan itzulpena ezinbestekoa dugu; nola eman bestela euskaraz beste herrialdeetako herri ipuinak? Euskaraz bilduma gutxi batzuk daude munduko herri ipuinekin. Baduzu mordoa, esaterako, gaztelaniaz eta frantsesez. Badituzu ere galegoz, katalanez eta gaskoiz egindako bertako ipuinen bildumak. Nola kontatu eta ezagutarazi ipuin horiek guztiak euskaraz? Bada, ezinbestean, norberak itzulpenak eginez, gero ahoz kontatu ahal izateko. Euskaraz kontatutako ipuinak gazteleraz edo frantsesez kontatu ahal izateko itzulpenera jo behar dugu, nola bestela? Kontalariok itzultzaileak bagara, bertako eta urrutiko imajinarioen itzultzaileak. Kontatzean Babel dorreko mundu magikoak gure hizkuntzan berreraikitzen ditugu. Izan ere, itzulpena joan-etorriko bidaia fantastikoa baita.