Arnaitz GORRITI
EUROLIGA

Aurreneko zati bikaina alferrik galtzen utzi du Saski Baskoniak Kaunasen

Lehen erdian hankapean erabili zuen Zalgiris talde gasteiztarrak, baina behera egin zuen demak aurrera egin ahala eta egurra jaso zuen azkenean.

Luwawu-Cabarrot oso bakarrik geratu zen.
Luwawu-Cabarrot oso bakarrik geratu zen. (@SASKI BASKONIA)

Betiko moduan, etxetik kanpo galtzaile atera zen Kosner Baskonia. Baina ezin da esan «betiko moduko» porrota izan zenik. Aurreneko 20-25 minutuetan gasteiztarrak Zalgiris Kaunas menpean erabili zuen eta Sylvain Franciscoren puntuei eta Brazdeikisen hirukoei esker eutsi zion talde lituaniarrak arabarren joko bolada bikainari.

Tamalez, partidak aurrera egin ahala, luzetxo eta astun egin zitzaion partida talde gasteiztarrari eta azken laurdena 54na berdinduta iritsi baldin bazen ere, azken hamar minutuetan erabat desagertu zen Paolo Galbiatiren taldea.

Nekeak jota akaso, baina era berean, markagailuan bere burua atzetik ikusi zuelarik, talde jokoa albo batera utzi zuten arabarrek, eta kolpez kolpe partidaren agintea berreskuratzen ahalegindu zirenean, egurra jaso zuten. Hain zuzen, azken laurdeneko partziala 28-13 izan zen, Baskonia galtzaile.

LAINOAK BEGIETAN

Alde ederra neurketaren hasierarekin! Ia akordatzerako 2-10 aurretik jarri ziren Paolo Galbiatiren mutilak. Francisco antolatzaile frantsesaren eskutik erreakzionatzen saiatu zen Zalgiris, baina talde jokoaren eraginez, Kurucs bikain uztaipean eta Luwawu-Cabarrot beste behin taldeko buruzagi, Baskonia une batez 12-24 aurreratu zen.

Alabaina, Zalgirisek hirukoetan ohi baino gehiago asmatu zuen eta horri esker bizirik iraun zuten norgehiagokan. Atsedenaldian 37-42koa baino ez zen Saski Baskoniaren aldeko markagailua.

Hirugarren laurdenean, baina, 40-49kotik aurrera, beherantz egin zuten gasteiztarrek. Talde lituaniarrak Tubelis, Sirvydis eta Sliva aurkitu zituen partida berriz ere berdintzeko, eta azken laurdenera iristerako markagailua 54na jarri zen.

Laugarren zatia ongi hasi zen Baskoniarentzat, Frischen hirukoaz: 54-57. Baina Zalgirisen erantzuna erabatekoa izan zen: 15-2ko partziala. Erregai fisikorik gabe geratu ziren gasteiztarrak. Eta handik aurrera azken laurdenean egurra jaso zuen Galbiatiren taldeak, nahiz eta porrota ez zen «betiko modukoa» izan.