Euskararen aldeko proiektu berri, eder eta eroak sortzeko, Plazararekin bat egiteko deia
Sortu zenetik hiru urtera, diru bilketa kanpaina abiatu du Plazara eragile euskaltzaleak. Laguntza emateko lau era aurkeztu ditu: materiala erostea, diru emaitza puntuala egitea, bazkide bilakatzea edo taldera batzea.

Badira hiru urte Plazara jendaurrean aurkeztu zenetik, eta orduko hartatik ez du ibilbide makala egin eragile euskaltzaleak. Hain zuzen, lehen bi urteetan garatu beharreko adarrak indartzen hasi ondotik, «ttuku-ttuku bere bi zangoen gainean ibiltzen» hasi da jada egitasmoa: hanka bat «eragileen laguntzeko zerbitzuetan», eta bestea, «proiektu berritzaileetan».
Harrera ona izan zuela dirudi, bigarren urterako lau kideren artean «ez baitzuten lortzen esku artean zuten lan guztiari erantzutea». «Garapen krisi» bete-betean zen orduan Plazara: «Eskaera batzuei ezezkoa ematera behartuak izan ginen eta beti lanpetuak izatearen presioa jasan genuen».
Hala ere, oztopo gisa ikusi ordez, «berri on» modura ulertu zuten kideek lan karga areagotzea. Gauzak horrela, lantaldea handitu eta hiru lagun gehitu dira bertara, orotara lanaldi eta erdiko dedikazioa gehituz egiturari. «Helburu handiak dituen talde txikia» omen da Plazara osatzen duena.
LAGUNTZA BEHARRA
Euskarak zenbait plaza zeharkatu ditzan lagundu duela oroitarazi du Plazara eragileak: «Iruñeko Astindu topaketetatik Aditu ikastaldira, Qualiopi zertifikazioaren lorpenetik sentsibilizazio hamabostaldira, Familion egonalditik Sarako merkatariekin eginiko lanera, ON! sentsibilizazio dispositibo partekatutik instituzioetako formakuntza zikloetara, Baionako presondegitik eskoletako ikasgeletara...».
Baina, planteatuta dauzkaten lan ildoak aitzinera eraman ahal izateko baliabideak ezinbestekoak dira, azpimarratu dutenez. Izan ere, «%92an autofinantzatua» da, hau da, irabazien zati handiena egiten duten «lana fakturatzetik dator». Horrek Plazarari «instituzio publikoekiko autonomia» ematen baldin badio ere, bere lana «zerbitzu publikoko jarduera» bezala ulertzen du eragileak.
Hala, «euskararen aldeko proiektu berri, eder eta eroak sortzen segitzeko» bultzada baten beharrean da Plazara. Preseski, gerora begira erronkak finkatzen hasia da jada eragilea, eta horietako lauren berri eman du: «Barnealdeko eragileak gehiago laguntzea, sektore sozioekonomikoaren euskalduntzean gehiago eragitea, tresna pedagogikoak (tutorialak, ihes jokoa) sortzea eta hizkuntza aktibistak bilduko dituen nazioarteko kongresua» antolatzea.
Horretarako, modu anitz direla nabarmendu du. Lehenik eta behin, materiala erosteko parada badela oroitarazi du Plazarak. Bigarrenik, diru emaitza puntuala egiteko aukera ezarri du Helloasso webgunearen bidez, eusko bidez edo transferentzia bidez. Bestetik, Plazarako kide bilakatu eta hilero kuota finko bat ordain daiteke. Beste aukera bat da, jakina, Plazarako taldera batzea.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
