Kriminalak
Autonomia estatutuak sinatzeko lasterketan bezala, abangoardia izan dira euskal eta kataluniar erkidegoak segurtasun kontuetan ere. Ertzaintza izan da lehena, mossoak bigarrenak, atxiloen jatorriari buruzkoak publiko egiten. Segurtasun sailburuak, inpentsan, gizatalde jakin batzuen kriminalizazioaren kontrako neurria dela adierazi du. Inor gutxi limurtu du, ordea, eta zalantzak ugaldu. Zergatik “magrebtarra” bai, baina “marokoarra” ez? Edo, behin hasita, zergatik jatorrira mugatu, eta ez atxiloen erlijioari buruzko informazioa zabaldu, esate baterako?
Gogoratu behar da ematen hasi diren datuak Ertzaintzak atxilotutakoenak direla; ez epaitu eta erruduntzat jo dituztenei buruzkoak. Egiazki, hortaz, EAEko krimenari buruzko informazioa baino, polizia autonomikoaren isuri arrazisten adierazle izan liteke gehiago. Nolanahi dela ere, interesgarria litzateke jakitea, adibidez, kriminalagoak diren ateoak sinestunak baino, edo espezializazio zantzuak ikusten diren: katolikoak musulmanak baino emanagoak dira lapurreta txikietara, akaso? Juduak ala budistak dira ekonomia delitu zaleagoak? Bestela ere irakur genitzake datu horiek: zein da gizatalderik iaioena poliziari itzuri egiten?
Ez dakit kriminalen generoari buruzkoak zehazten dituzten, baina esango nuke ustezko nahiz izatezko kriminal txiki, handi eta ertain guztien %99-edo gizonak direla. Eta ez soilik indarkeria matxistako krimenetan. Baina, kaleko eraso matxisten prebentziorako behintzat, agian hobe genuke, gure kaleak farolez betetzea baino, gizonen gaueko itxialdia dekretatzea: eguzkia gordetzerako, gizonak etxean kieto; polizia gizonak ere bai. Beharrezkoa izanez gero, beren geletan giltzapetuta. Nabarmen egingo luke behera delitugintza nokturnoak. Eta, kale-argitan guztion diru publikoa gastatu ordez, gizonek ordainduko lukete (genuke), lotara joan baino lehen, telebistarako edo liburu bat irakurtzeko beharko luketen (genukeen) argindarra. Unibertsitate publikorako izango litzateke segurtasun indarretan aurreztutakoa. Ea ba. Izan gaitezen probetxuzko abangoardia.

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

Euskal partaidetza nabarmena MASS jaialdiaren bigarren edizioan

«Unerik politena buruz burukora bi anaiak pasa ginela jakitean izan zen»
