Xole ARAMENDI
DURANGO
60. DURANGOKO AZOKA

Arnasgunea, gogoetagunea, plaza... abiatzera doa lau eguneko festa

Erraz esaten da. 60 urte joan dira Durango euskal kulturgintzaren arnasgune bilakatu zenetik. Garai zailenetan ere tinko eutsi zion Azokak bere bideari eta jakin du kontsumo ohitura berriek behartutako bideetarantz iparrorratza bideratzen. Bi espazio berri dakartza: Atartea eta Berbagailua.

Landako gunea, atzo, argitaletxeetako kideak muntaketa lan betean zirela.
Landako gunea, atzo, argitaletxeetako kideak muntaketa lan betean zirela. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Landako guneak gaur irekiko ditu ateak. Durangoko erdialdeko beste zenbait aretok ere hartuko dituzte bisitariak lau eguneko Azokan.

Palestina jasaten ari den genozidioak zeharkatutako edizioa izango da, halabeharrez. Abenduaren 7an, 14.00etan, ordu erdiz, Azokak makinak geldituko ditu. Aldarrikapenak ere badu tokirik Durangon.

Aurtengo zifrak ez dira nolanahikoak. 285 erakusmahai ipiniko dituzte guztira 175 parte-hartzailek, eta denera 1.026 nobedade izango dituzte zain bertaratzen direnek. Emanaldi eta aurkezpenei begiratuta, iaz baino 70 gehiago antolatu dira, guztira 293. Bi espazio berri ere gehitu dira mapara: Atartea edo Arte Ederren Plaza, Durangoko Museoan; eta bestea, Berbagailua edo Postcasten Plaza, Madalenaren baselizan ezarriko den plato batean.

Plateruena antzokiak izan dituen gorabeherengatik falta sumatuta, indartu egin dira iluntze-gauetako kontzertuak.

Ilusioz eta gogotsu aurkitu ditugu argitaletxeetako arduradunak, Azokak aurten ekarriko duenaren gaineko kezka puntu batekin kasuren batean. Enkontrurako, trukerako, urteko uztari ikusgarritasuna emateko parada eskaintzen die argitaletxe zein sortzaileei. Sokaren beste aldean, gogoko egileak aurrez aurre ikusteko aukera, zuzeneko emanaldiez gozatzekoa, hainbat arlotako gogoetak entzutekoa, besteak beste, hartzaileei.

«Espero dugu egun eder batzuk pasatzea. Idazleak sinatzera datoz eta inguruan biltzen den komunitatea elkartzeko aukera ematen digu», esan du Susa argitaletxeko editore Leire Lopez Ziluagak.

Covid-19aren garai petralak igarota, agerikoa da izurriaren osteko urteotan Azokak izan duen goranzko joera. «Gure musika industrian blokeo momentua izan zen pandemiarena», gogoratu du Bidean Produkzioak-eko Lur Larrazak.

Lanak izaten ditu Gerediaga elkarteak eskariari leku egiten Landako gunean. «Eskertzekoa da antolatzaileek egindako esfortzua eskaintza berriak sartzeko. Aurten bi espazio berri izango dira», azpimarratu du Andres Camio Jituk.

«Poztekoa da goranzko joera; bada zerbaiten seinale», Txalapartako editore Iñigo Satrustegiren ustez. «Gure ekoizpenaren erakusleiho handia da Azoka. Sortzaile berrien mugimendua bada, proiektu anitzak egiteko gaitasuna dugu, eta positiboa da hori», esan du Julen Agirrezabalagak, Elkar argitaletxeko zuzendariak. «Horrek esan nahi badu gehiago garela eta dibertsoago, pozgarria da», gaineratu du Lopez Ziluagak. Eta Larrazak: «Lan guztiak Durangon zentralizatzen direnez, merezi baino kasu gutxiago egiten diegu talde hasiberriei. Pentsatu beharko litzateke nola lagundu proiektu txiki horiei».

Baikor da Agirrezabalaga, nahiz datu kezkagarririk ere ikusten duen zerumugan. «Guk oso positibotzat jotzen dugu irakurtzeko ohiturak gazteen artean gora egin duela. Baina hizkuntzari begiratuz ez da hain positiboa; ikusi dugu pandemiaz geroztik gazteleraz irakurtzeko ohiturak gora egin duela eta euskarazkoak, aldiz, behera. Badago gure sektorean erronka handi bat, komunitate horri erakusteko euskaraz badela ekoizpen oparo bat, anitza, kalitatezkoa. Gure sektorearen lan ildo estrategikoa da». Ildo horretan, argigarria izango da seguruenik Siadecok Gerediaga elkartearen enkarguz egin duen ikerketa soziolinguistikoa, Azokan etzi aurkeztuko dena.

Denak bat datoz. Durangoko Azoka estrategikoa da euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragi- leentzat. Agirrezabalak argi azaldu du: «Azokako egunek asko suposatzen dute, kulturari ematen diotelako leku bat urtean zehar nekez lortzen duguna. Gure kezketako bat ikusgarritasuna da. Euskaraz ekoizten dugu eta lehiatu behar dugu hizkuntza hegemonikoekin».

ELKARGUNE ETA NEGOZIO

«Durangoko Azoka oso-oso garrantzitsua da. Festa handi bat izaten da. Egile, ilustratzaile, itzultzaile, argitaletxe, irakurle, kolaboratzaile... guztiok, hantxe elkartzen gara. Eta pozgarria da harremanak estutzea». «Ezinbestekoa da, erreminta oso ona da euskal kulturgintzan egiten ari garena erakusteko», esan du Andoni Clavok, Baga Biga musika argitaletxeko ordezkariak.

«Gu argitaletxe txiki bat gara. Helburua da jendeak ezagut ditzala gure taldeak. Guretzat elkargune interesgarria da. Beste argitaletxeekin elkartu eta guztiok batera egon eta sentsazioak partekatzea guretzat interesgarria da. Noski, ahal bada, ahalik eta salmenta gehien egin nahi dugu», onartu du Larrazak. Azoka izanda, ezin diru kontuak alboratu. «Negozio aldetik ere estrategikoa da. Ezin da ukatu, salmenten portzentaje polit bat Durangon lortzen da. Asko eskertzen dugu», aitortu du Gari Arzallus Erein eta Igela argitaletxeetako kudeatzaileak.

OASIA

Azoka oasia da argitaletxeentzat. «Oasi horrek indarra ematen digu», esan du Elkarreko zuzendariak.

«Balio digu alderdi ekonomikorako, baita irakurleekin egoteko eta irakurleak sustatzeko ere. Guk helburua beteko genuke, Durangotik irakurle berriak ateratzen baldin badira»; hori Satrustegi Txalapartako ordezkariaren gogoeta. Musikari dagokionez, kontsumo ohiturek gogor erasan dute sektorea. Honatx Jituk azaldutakoa: «Denok dakigu sakelako telefonorik gabe ez garela inor. Gure gorputzaren apendizea bihurtu da. Bertan daukagu lana, aisaldia... dena, eta egun musika entzuteko manerak asko aldatu dira. Baina gu ondo kokatuta gaude, jarraitzen dugu fisikoan ekoizpen zainduak saltzen eta nik uste dut publikoak ere baloratzen duela. Guk aurten sumatu dugu salmentaren igoera; ez dut esango handia edo txikia baina, bueno, iaz baino gehiago saltzen ari gara aurten. Ea Durangon amaiera polita ematen diogun urteari».

Txanponak badu beste aldea: behin lauzpabost eguneko oasia igarota, basamortu bihurtzea urtean zehar. Hondarra baino ez inguruan. Larrazak: «Nik ez dut barita magikorik. Azoka ondo dago, baina hortik kanpo industria, euskalgintza eta kulturgintza badago eta saiatu beharko genuke babesten. Azokatik kanpo kasu gehiago egin beharko genioke kulturari, oro har».

«Nik uste dut apustua izan behar dela euskal kulturak urte osoan plazak izatea»; hori Ziluagaren ustea, eta Azokaz harago beste formatu batzuen aldeko apustua egin daitekeela. «Falta zaizkigu literatura aldizkariak, podcastak, topaguneak... Liburu aurkezpenak eta irakurle taldeak egiten dira eta azken hauetan ekimen piloa egiten da eta baloratzea inportantea da. Baina literaturari buruz oro har pentsatzeko espazioak behar ditugu eta nik uste dut hortik ere joan beharko litzatekeela hazten literaturaren inguruko mundu hau».

Urtean zehar azoka txikiak antolatzeko ahalegina egin da, baina egindako saiakeren emaitza ez da orekatua izan. «Ezin liteke esan urtean zehar egindako azoken emaitza uniformea denik», esan du Erein argitaletxeko Gari Arzallusek. Susako Lopez Ziluagak, berriz: «Gerta liteke salmentetan ez baina komunitatea sortzearen aldetik funtzionatzea. Adibidez, Ziburuko Azoka topagune inportantea da Ipar Euskal Herrian eta guretzat oso inportantea da bertan egotea».

Nafarroan bertako Editore Elkartearen eskutik Edizio Azoka egiten da herriz herri urtean zehar. «Bilatu behar ditugu formula berriak kultura izan dadin erakargarria, heldu dadin herrietara, heldu dadin komunitatera beste bide batzuetatik ere. Hor daude irakurle taldeak; uste dut horiek direla oraintxe gure ekosistema honen eusle handienetako batzuk», esan du Satrustegik. «Gogoratu dezagun izugarrizko azokak dauzkagula urte osoan zehar liburu-dendetan. Hortxe daude eta auzoko liburu-dendak izaten dira askotan», gaineratu du Arzallusek.