Peli LEKUONA - Iraia CAMBRA
Entrevue
Lore BILBAO
Osakidetzako zuzendari nagusia

«Gaur egun kezka nagusia lehen arreta da, mediku falta handiena arlo horretan dugu»

Osasun Itunaren inplementazio eta jarraipen prozesua abian da Osakidetzan, eta horren egoera zein erronkak azaldu zituen atzo Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak NAIZ Irratian izandako elkarrizketan. «Osasun Itunaren helburua izan da, eta jarraitzen du izaten, osasun sistema publikoa indartzea», nabarmendu zuen.

(Marisol RAMIREZ | FOKU)

 

Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak atzo NAIZ Irratian gogorarazi zuen Osasun Ituna 2024an abiatu zela, 30 eragile baino gehiagoren parte-hartzearekin. «Diagnostikoa, printzipioak eta balioak eta 24 lerro estrategiko landu dira», esan zuen, eta egun «165 helburu, 350 ekintza eta 160 adierazle» zehazkiago egituratzen ari direla. Helburua ekintza bakoitzari arduraduna eta egutegia ezartzea da.

Herritarren kezka nagusietako bat lehen arretaren egoera dela onartu zuen: «Gaur egun kezka nagusia lehen arreta da; mediku falta handiena hor dugu». Haren esanetan, herri txikietako kontsultategietan ordutegiak betetzea zaila da eta hitzorduak atzerapenez ematen dira. Hori arintzeko, web bidezko zerbitzuak eta harrera prozesuak hobetzeko konpromisoa agertu zuen: «Guk nahi duguna da egoera horri buelta ematea».

Pazienteen parte-hartzeari dagokionez, Osasun Itunak jauzi kualitatiboa ekarri duela esan zuen: «Gure kezka nagusietako bat izan da pazienteak nola integratu erabakiguneetan». Horretarako dekretu berri bat prestatzen ari dira, pazienteen elkarteen erregistro ofiziala sortzeko.

Itunaren eztabaida handietako bat izan da osasun publikoaren eta pribatuaren arteko orekari buruzkoa. Bilbaoren esanetan, «oreka bat mantendu behar da, kolaborazio publiko-pribatua onuragarria delako». Baina azken urteetan «tendentzia aldatzen» ari da eta publifikazio prozesuak bideratzen ari dira; Gipuzkoako anbulantzia medikalizatuen kasua, horren adibide.

EAEn Nafarroak ezarritako ereduko anbulantzia-sozietate publikoa ezartzearen inguruan, Bilbaok esan zuen oraindik ebaluazio fasean daudela. «Aztertzen ari gara zer bilakaera izaten ari den zerbitzua beste autonomia erkidegoetan; pausoz pauso joango gara», gaineratu zuen.

Proiektu estrategikoetako bat Tolosako ospitale berria da. Bilbaok argitu zuen ez dela eskualdeko ospitale autonomo bat izango: «Ez da izango eskualdeko ospitalea; Donostiako Ospitalearen menpe egongo da eta handik joango dira profesionalak». Asuncion klinikako langileen subrogazio eskaerari buruz, argi mintzatu zen: «Subrogazioa ez da aplikagarria kasu honetan». Hala ere, langile horien lan-egoera errazteko plan bat mahai sektorialean aurkeztuko dutela iragarri zuen.

Psikologoen inguruko polemikaz ere mintzatu zen. Proiektu pilotua martxan dago eta kritikak jaso baditu ere, Bilbaok eredua defendatu zuen: «Psikologiako gradua eta masterra izatea nahikoa dela uste dugu lehen arretarako». Bederatzi plaza betetzeko deialdia egin eta «1.000 eskaera baino gehiago» jaso dituzte.

Mediku falta LEP bereziaren ondoren beteko ez diren lanpostuen inguruan, Bilbaok azaldu zuen zailtasun handiak daudela arratsaldeko txandetan, herri txikietako kontsultetan eta lan biren arteko konbinazioak eskatzen dituzten lanpostuetan: «Benetan zailak dira lanpostu horiek; betetzeko zailak suertatzen ari dira».

Herrian formatutako medikuei konpromisoak eskatzeaz galdetuta, zailtasunak nabarmendu zituen: «Ikasleei konpromisoa eskatzea zaila da». Hala ere, datu baikorrak eman ditu: «MIR plazen %70 baino gehiago hemen gelditzen dira, eta aurten 100 profesional baino gehiago etorri dira beste erkidego batzuetatik». Azkenik, euskarari buruz esan zuen lehentasuna dela «pazienteak bere hizkuntzan artatzea».