Gerediaga elkarteko presidentea: «Andra Mariko sua bizirik dago»
Duela 60 urte, Durangoko Andra Mari elizako arkupeetan egin zen lehenengo Euskal Liburu eta Diskoaren Azokaren «su hura bizirik dago oraindik, eskurik esku ekarri dugun Argizaiolan», gogorarazi zuen Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidente berriak, atzo iluntzean egin zen inaugurazio ekitaldian. Argizaiola hori bera eman zioten Izaskun Ellakuriagaren familiari.

Kulturaren jaialdi bilakatuta, arrakastaz itxi zuen atzo Durangoko Azokak bere estreinako eguna. Goizean zabaldu zituen ateak 60. edizioak, baina iluntzean egin zen irekiera ofiziala, San Agustin kulturgunean, erakunde publikoen ordezkaritza zabalarekin.
Imanol Pradales lehendakaria ikusi genuen arratsaldean Landakon, beste bisitari askoren artean. Jende dexente ibili zen; goizeko ikasleen «uholdea» baretu ostean arratsaldea lasaiago joan zen, agian indarra gorde beharra zelako gelditzen diren hiru egunei begira.
Durangoko Azoka bezalako ekimen herrikoi beterano bat ez du pertsona bakarrak egiten. Denboran osatzen joan den kate luze baten emaitza da eta, aitor dezagun, katebegi batzuek beste batzuek baino eragin, garrantzi eta presentzia handiagoa izan ohi dute; are gehiago, bat-batean zendu eta hutsune handia uzten dutenean. Gotzon Gomez, Gerediaga elkarteko presidentea, urteurren honetan gogoeta egiteko beharraz mintzatu zen irekiera ekitaldian: «1965ean euskal kulturaren aldeko su txiki baten bueltan batu ziren Andra Mariko elizpean, Durangoko Azokaren lehen edizioa antolatuz -aipatu zuen-. Geroztik, su horren argitasuna lagun, ibilbide luze bat egin dugu elkarrekin. Andra Maritik merkatu plazara, handik karpa erraldoietara, gero Landako gunera, azkenik Durango osora heltzeko. Pausorik pauso, ibilbide horrek honaino ekarri gaitu, urteotan sostengatu gaituen lurra sentitzeko, egindakoa miresteko. Eta, zelan ez, aurrera begiratzeko. Andra Mariko su hura bizirik dago oraindik, eskurik esku ekarri dugun argizaiolan».
HUNKIDURA
Argizaiola saria da, hain justu ere, Gerediagak euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana goraipatzeko urtero ematen duen saria. Eta Argizaiola hori bera oparitu zieten Izaskun Ellakuriagaren senitartekoei, Gerediaga elkarteko kidearen lana eskertzeko egindako omenaldian.
Aurten zendu da 20 urtean Gerediagako prentsa arduradun izan dena. «Langileetan langile, energia handikoa, pasioz beteriko ekintzailea eta gertuko laguna. Hogei bat urtean, gure etxe diren Gerediaga eta Durangoko Azokaren zutabe. Uste dut Gerediaga elkarteko lantaldearen izenean ere banabilela asko botatzen zaitugula faltan diodanean. Bihotzetik, eskerrik asko euskal kulturaren alde eginiko ekarpenagatik, eta guri eman diguzun guztiagatik», esan zuen presidente berriak.
Ellakuriagaren ilobek eta amak jaso zuten saria, txalo hunkigarriak entzuten zirela.
Nerea Mujikaren lekukoa hartu du aurten Gomezek. Hori dela eta, hogei urte luzeetan Gerediagaren ahotsa eta aurpegia izan den emakumea ere omendu nahi izan zuen atzoko irekitze ekitaldian presidente berriak. Mujika orain ohorezko lehendakaria da.
BIHOTZAK, TAUPADAK ETA MOZIOAK
Egun hauetan Durangok «gure herriaren bihotzaren erritmoa markatzen du», aipatu zuen ekitaldian Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta lehenengo lehendakariordeak. «Ez da soilik tradizio bat, etengabe berritzen den herri proiektua da. Ezinbesteko proiektua da», gehitu zuen.
EH Bilduk ere ordezkaritza zabala eraman zuen irekiera ofizialera. Goizean, Azokak ateak ireki baino ordu gutxi batzuk lehenago, euskal sortzaile, artista eta kultura arloko profesionalak egiturazko prekaritatetik ateratzeko neurri sendoak eskatu zituen EH Bilduk Legebiltzarrean. Josu Aztiriak iragarri zuen mozio bat aurkeztuko dutela helburu horrekin, Lakuako gobernuari sortzaileak babestuko dituen lege bat eskatzeko, urrats hori egitea behar-beharrezkoa dela iritzita.
«Sortzaileak entzun eta zaindu behar ditugu; aitortza eta egonkortasuna eskatzen digute, eta hori ekimen legegile eta politika publiko sendoekin lortzen da, geure ardurez jakitun eta gure gaitasun politiko eta instituzionala baliatuz», adierazi zuen.
Ilhan Sami Çomak: «Idazten dudan guztia politikoa da»
Ilhan Sami Çomak (1973ko martxoaren 8a, Karliova) Istanbulgo Unibertsitateko ikaslea zela, 21 urte zituen 1994. urte hartan, atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Biziarteko kartzelaldia ezarri zioten. 30 urte eman ditu preso. Baina bere ahotsa ez da inoiz isildu, turkieraz ez ezik, bere ama-hizkuntzan ere, kurdueraz, idazten baitu eta, horrela, kartzelako hormak gainditu dituen obra poetikoa oparo eta sakona sortu du.
Nazioarteko PEN klub idazleen elkarteek, kartzelan eman zituen urte luzeetan, haren askatasuna aldarrikatu izan dute behin eta berriro. Ilhan Samiren poesia bilduma ugari argitaratu dira urte hauetan; ezaguna da, ingeles eta norvegiar edizioetan ere aurki daitekeena. Gaztelaniaz ez, ordea. “Mugarik gabeko poemak” da euskaraz argitaratu duen lehenengo lana. Joseba Sarrionandiarekin batera osatu du liburua -euskal idazlea ere gazte atxilotu zuten eta erbestean eman ditu 30 urte-.
Ilhan Sami Çomak iazko azaroan utzi zuten aske, eta gaur egun Istanbulen bizi da. Euskal Herrira etorri da espresuki liburu honen inguruko ekitaldietan parte hartzera eta, Gernikatik pasatu ondoren, Durangoko Azokan izan da 60. edizioaren estreinako egunean. Ahotsenea literatura guneko aretoa beteta zegoela, bertaratu zirenei motz egin zitzaien turkiera, ingelesa eta euskara uztartu zituen aurkezpena. Kurdinstandik Euskal Herrira elkarteak, Mugarik Gabe, Zutarri eta Suargi elkarteek indarrak batu dituzte bitxikeria hau argitaratu ahal izateko; hamar olerkiz osatuta dago eta liburua oparitu egiten da, ez dago salgai.
Laura Mintegi idazleak bota zien egile biei galdera bera: «Poesia zer izan da zuentzat: ihesbide bat edo errealitatean sakontzeko tresna bat?».
«Poesia izan zen, nolabait, salbamendurako bide bat. Sententzia konfirmatu zenean, nik biziarteko kartzelaldia izango nuela jakin nuenean, momentu horretan poesia etorri zen ni salbatzera. Idazten dudan guztia oso politikoa da, nahiz eta nik ez dudan politikaz idazten. Beste alde batetik, poesia guzti honen gainetik dago: autoritatea eta diktadura amaituko dira, baina dena bukatzen denean, poesiak hor jarraituko du, zentzu askoz zabalagoa duelako».
Eta zer da poesia Joseba Sarrionandiarentzat?: «Euskara idazten hasi nintzen debekatuta zegoelako; debekuaren kontra hasi ginen idazten», aipatu zuen. Eta, egun, horretan jarraitzen du, «teknikoki herri konkistatua jarraitu dugulako izaten, eta niretzat euskaraz idaztea herritartasun kolonizatu bati lotuta dago». A.E.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
