«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»
Basogintza hamaika ertz dituen arloa da eta, basoak bezala, asko sinplifikatzea komeni ez dena. Markel Arriolabengoak neurrizko esku hartzea eta estaldura jarraituko basogintza aldarrikatu zituen baso autoktonoetan bestelako basogintza egitearen gainean Andoainen egindako jardunaldian.

Markel Arriolabengoa Andoainen izan zen urriaren 25ean bestelako basogintza baten aldeko hitzaldian. 2023an Tantai Baso Jabe Kooperatiba sortu zuten, irabazi-asmorik gabeko ekimena. Kooperatibak baso jabe pribatu eta publikoak, langileak eta norbanako zein enpresa laguntzaileak batzen ditu. Bazkideen basoen kudeaketaz arduratzen dira, eta dagoeneko 1.000 hektarea baino gehiago kudeatzen dituzte Euskal Herrian. Bertako espeziez osatutako basoak sortzea proposatzen dute, aniztasun handiagokoak egituran eta espezie konposaketan, eta mozketak bakanketa bidez soilik egiten dituzte.
2018 inguruan krisian sartu zen basogintza eredutik aldendu beharra azaleratu zuen Arriolabengoak. Izan ere, adituen arabera, kanpoko espezieen eredu intentsiboak dira ekosistemak kudeatzeko modu zaurgarrienak eta ikusi da sinplifikatutako basoak nola doazen gaixotzen. Sortutako arduraren eraginez, «babesaren eta ekoizpenaren dikotomia polarizatutik» at kokatzeko premia aldarrikatu zuen.
ARAZOA EZ DA ESPEZIEA, BAIZIK ETA EREDUA
Eredu intentsiboak lurra pobretu du, ekosistemak ahuldu ditu, espezieen aniztasuna murriztu du eta, horrek guztiak eragin du baso askok porrot egitea. Ordezko basogintza ereduak proposatzen dituzte kooperatibatik: «Ekosistemako prozesu naturalak errespetatzea eta haiei balioa ematen diotenak». Hamaika aukera daude horretarako. «Xedea da ekosistema oso sinplifikatu batetik; hots, kanpoko espeziez osatutako monolaborantzatik -guztiak tamai- na berdinekoak, espezie berekoak, genetikoki gertukoak eta arraseko mozketa bidez moztuak- ekosistema konplexuago batera pasatzea».
Estaldura jarraituko basogintza ereduan zentratuta daude, «ekonomikoki ere aukera oso aproposa izan daitekeelako». Gakoa ekosistema ulertzea da, ez omen dago gizakiak eraldatu gabeko basorik eta, ñabardurak ñabardura, pertzepzio bat delako «motozerrarik gabeko basoan biodibertsitate gehiago dagoela motozerratuetan baino».
Baso heldu egonkorrak lortzeko zenbait urtean behin mozketak egitearen alde agertu zen baso langilea: «Oso zuhaitz gutxi mozten dira balio ekonomiko handia dutelako eta hori oso garrantzitsua da, zeren, moztuko den zuhaitzak balio ekonomiko handia badu, langileen kondizioak hobetzen dira basoko lanak aldatzen direlako; errentagarritasuna asko handitzen da eta horrek ahalbidetzen digu mozketa gutxiago egitea eta inpaktu gutxiagokoak. Basogintza oso errentagarri bat denez, gehiago zaintzen da ingurua». Aldiz, hizlariak ziurtatu zuen egungoa ez dela batere ekonomikoa; langileak asko estutzen direla, inguruak ez daudela zainduta eta abar.
ZEIN DA PROPOSAMENA
Basoaren ezaugarri eta helburuen araberako esku hartzea aldarrikatu zuen Arriolabengoak eta, horretarako, zenbait adibide eman zituen. «Arraseko mozketa egin bada, batzuetan landaketak egiten ditugu, eta, beste batzuetan, berezko basoa indar handiz badator, ez dugu landaketarik egiten». Teknika egokienak probatzen dabiltzan honetan, landaketak ilaratan egitearen alde egin dute, kudeaketa erraztu, hobetu eta merkatzeko. Gainera, ilaratan landatzeak ez du esan nahi basoa hala egongo dela hemendik 50 urtera, tartean mozketa selektiboen eraginez ez baitira dinamika homogeneoak gauzatzen eta berez etorritako espezieak badaudelako.
Kontziente dira, halaber, gizakiaren esku hartzeak badituela zenbait muga: «Landaketetan basoetako genetika ahultzeko arriskua dago eta horrek beldurtzen gaitu. Mintegi gutxi daude eta leku beretik ekarritako haziak zabaltzeak kalte egin dezake, genetika murriztu bat leku guztietan txertatzea akats bat delako». Landaketa hauen bidez asmoa ez da basoa sortzea, estaldura bat baizik. «Sartzen ditugun zuhaitzek hamarkada batzuk iraungo dituzte baina sortzen dugun basoak, ordea, milaka urte», adierazi zuen.

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha
