GARA
DONOSTIA

Arartekoak deklaratu du Zestoako gizarte zerbitzuek ez zutela zuzen jokatu

Arartekoaren teknikari batek deklaratu zuen atzo Zestoako sei bizilagunen aurkako epaiketan, eta esan zuen Udaleko gizarte zerbitzuek egindako txostena ez zela «inpartziala».

Elkarretaratze feminista egin zuten, asteartean, epaitegiaren aurean.
Elkarretaratze feminista egin zuten, asteartean, epaitegiaren aurean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Zestoako sei bizilagunen aurkako epaiketa asteartean abiatu zen Donostiako epaitegian, eta gaur jarraituko du horien, alegia, akusatuen, deklarazioarekin. Atzo Arartekoaren teknikari batek lekukotza eman zuen epailearen aurrean eta deklaratu zuen Zestoako zerbitzu sozialek ez zutela «zuzen» jokatu. Bere hitzetan, egindako txostena ez zen inpartziala eta objektiboa: «Ez zetorren bat indarkeriazko testuinguru batean aplikatu beharreko estandar juridikoekin». Arartekoaren teknikariak epaitegian azaldu zuenez, emakumeak kexa bat aurkeztu zuen gizarte zerbitzuek egindako txostena «partziala» zelako, eta ez zituelako datu esanguratsu guztiak jasotzen.

Arartekoak Zestoako Udalari informazio guztia eskatu zion, eta ondorioztatu zuen txostena ez zela «inpartziala», gizonaren alde egiten zuela; gainera, gizonezkoa udal langilea dela kontuan hartu beharrekotzat jo zuen teknikariak. Horrez gain, esan zuen salaketa jarri zuen gizonaren abokatua gizarte zerbitzuei txostenean zer jaso «aholkatzen» ibili zela. Testuinguru horretan, Arartekoaren ustez, kasua Gipuzkoako edo Donostiako Udaleko gizarte zerbitzuetara bideratu behar zen, presazko prozedura baten bidez.

UDALAREN ADIERAZPENA

Akusatuei babesa adierazteko Zestoako Mugimendu Feministak aurkeztutako adierazpenarekin bat egin zuen Zestoako Udalak; EAJ abstenitu egin zen. Astearte iluntzean onartu zen adierazpena udalean, eta EAJko kide Garikoitz Mendizabalek esan zuen bere alderdiak babesa adierazten diela akusatuei baina ez datorrela bat adierazpenean jasotzen den guztiarekin eta horregatik erabaki zutela abstenitzea. «Gizonen arteko konplizitate sareen funtzionamendua» eta «sistema judizialaren oinarri heteropatriarkala» salatzen ditu adierazpenak.