Abotsanitz: «Zaldunbordan EAJren enpresa sarea argitara atera da»
Aitor Kerejeta Hondarribiko alkate ohia Zaldunbordaren proiektuarekin lotura duen enpresa batek kontratu izanak -GARAk eta NAIZek larunbatean argitaraturiko berrian azaltzen denez- «EAJren enpresa sarea argitara» atera duela nabarmendu du Abotsanitzek.

NAIZek eta GARAk larunbatean argitaratu zuten Aitor Kerejeta Hondarribiko alkate ohia Zaldunbordako aferarekin lotura duen enpresa batek kontratu duela, eta horrek «EAJren enpresa sarea argitara» atera duela esan zuen atzo Abotsanitz taldeak.
EH Bildurekin batera Hondarribiko Udala kudeatzen duen eta alkatetza duen talde honentzat larunbatean argitaraturikoa ez da «harritzekoa». Izan ere, gogoratu zuenez, duela sei urte ohartarazi zuten lehen aldiz kontu hau: proiektuaren atzean zegoen «sare politiko enpresariala, EAJren modus operandia agerian utziz: erakunde publikoak erabili interes pribatuak bultzatzeko eta horrelako hirigintza pelotazoekin poltsikoak bete, betiere interes orokorraren kontura. Duela sei urte adierazi genuen ere, orduan, putreak Zaldunborda gainean hegan zebiltzala, diru goseak mugituta».
Larunbatean GARAn eta NAIZen argitaraturikoek duela sei urte salaturikoa baieztatzen dutela nabarmendu zuen Abotsanitzek, «nahiz eta orduan gu gezurtitzat jo eta kaleko zurrumurruak besterik ez zirela esan EAJko kideek».
«Hondarribiarrek bazuten susmoa Zaldunbordako “makro-outlet”-a EAJko kargudun publikoek eta enpresa sareak bultzaturiko pelotazoa zela. Eta orain, susmo horiek berretsi egin dira», gaineratu zuen.
HERRITARREN NAHIAREN AURKA
«Zaldunbordako ‘makro-outlet’-a herriaren gehiengoaren eta Udaleko oposizio osoaren nahiaren aurka egin nahi izan zuten hirigintza operazioa izan zen, EAJko gobernu taldeak bakarrik babesten zuelarik proiektua. 2019ko irailean, EAJk komunikatu bat plazaratu zuen Zaldunbordako pelotazoa sutsuki defendatuz. Ohartarazpenen, zalantza legalen eta gizartearen aurkako jarreraren gainetik, proiektuak aurrera jarraitu zuen. Azkenean, 2020an, Justiziak HAPOa bertan behera utzi zuen, eta horrek ‘makro-outlet’-aren bideragarritasuna behin betiko deuseztatu zuen», gogoratu zuen Abotsanitzek.
«Izan ere, orain, enpresa sare horrek -betidanik salatu izan dugun horrek- ia hamalau milioi euroko demanda jarri du Hondarribiko Udalaren aurka, proiektua ezin izan dutelako aurrera eraman. Esan bezala, lehen Zaldunborda gainean hegan zebiltzan putre horiek, orain, Udal gainean dabiltza hegan, guztion diru publikoa den milioika euroren bila. Garbiak izan gaitezen: enpresa sare honi interesatzen zaion gauza bakarra dirua da, eta kasu honetan, hondarribiarrena den diru publikoa», gaineratu zuen Abotsanitz taldeak ohar batean.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
