GARA
GASTEIZ

Neurri sozialak eta garraiorako laguntzak luzatzea onartu du Madrilek

Gobernu espainoleko Ministro Kontseiluak zenbait neurri onartu zituen atzo, urtea amaitu aurretik egindako azkenengo bileran. Batetik, babes sozialei buruzko lege-dekretua eta, bestetik, 2026. urterako garraio publikorako laguntzak luzatzea. Gainera, gutxieneko pentsioak %7 igoko dira datorren urterako, atzo iragarri zutenez.

Oscar Puente eta Elma Saiz, Ministroen Kontseiluaren ondoren egindako prensaurrekoan.
Oscar Puente eta Elma Saiz, Ministroen Kontseiluaren ondoren egindako prensaurrekoan. (Alberto ORTEGA | EUROPA PRESS)

Gobernu espainolak 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu du ohiko etxebizitzako alokairua ez ordaintzeagatik familia kalteberak ez etxegabetzeko eta ez kaleratzeko erabakia. Hala esan zuen atzo Elma Saiz bozeramaile berriak Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian. Astelehenean EH Bildurekin ezkutu soziala delakoa luzatzeko akordioa lortu zela jakin zen.

Neurri horiek azken sei urteetan luzatzen joan dira, pandemiatik orain arte. Azken luzapen hau -Podemosek duela aste batzuetatik eskatzen zuena, bai eta Sumarrek, ERCk eta hainbat erakunde sozialek ere- EH Bildurekin hitzartu du Madrilek, oinarrizko hornidurak mozteko debekuarekin eta bonu sozial elektrikoa mantentzearekin batera.

Halaber, Elma Saizek iragarri zuen atzo onartu zela babes sozialeko lege-dekretua. Besteak beste, 2026. urtean zehar, bonu sozial energetiko deiturikoaren deskontuak luzatuko dituzte horrekin, bai eta argiaren, uraren eta gas naturalaren hornidura mozteko debekua ere, kontsumitzaile ahulei begirakoa.

Horrela, lege-dekretu berriak 2026ko abenduaren 31ra arte mantenduko du kontsumitzaileek energia elektrikoaren, gas naturalaren eta uraren hornidura bermatuta izatea, kalteberatasun-baldintzarekin, eta indarrean dagoen gizarte-bonu elektrikoaren deskontu-mailei ere eutsiko die; %42,5ekoa kalteberentzat eta %57,5ekoa oso kalteberentzat.

Babes horrek barne hartzen du, halaber, 2026ko abenduaren 31ra arte familia kalteberak ez etxegabetzea, bizitoki-alternatibarik gabe, baita errentatzaileei edo erasandako etxejabeei konpentsazioak ematea ere.

Garraioari dagokionez, errege lege-dekretu bat onartu du Ministro Kontseiluak: aurten indarrean dauden deskontu guztiak luzatuko ditu horren bitartez eta aldiriko eta distantzia ertaineko trenetarako eta ibilbide luzeko autobusetarako abonu bakar berri bat sortuko du. Bi neurri horiek 1.371 milioi euroko kostua izango dute.

Hala iragarri zuen Oscar Puente Garraioetako eta Mugikortasun Iraunkorreko ministro espainolak Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Halaber, jakinarazi zuen garraio publikoko bidaiak 420 milioi desplazamendutara iristen direla; 2022an, deskontuak aplikatu aurretik, baino %23 gehiago.

Puentek defendatu zuenez, dirulaguntza horiei guztiei esker herritarrek %75 gutxiago gastatu dute garraioan, eta Avant trenen (distantzia ertaineko abiadura handiko trena) erabiltzaile batentzat urtean 5.000 euro aurreztea ekar dezakeela jarri zuen adibide.

«Ez izan zalantzarik eskuineko eta eskuin muturreko gobernu batek ezabatuko lukeen lehenengo gauzetako bat hori izango litzatekeela», ohartarazi zuen.

PENTSIOEN %7KO IGOERA

Horrekin batera, kotizaziopeko pentsioak eta klase pasiboenak 2026rako %2,7 igotzea onartu zuen atzo egindako azkenengo bileran, bai eta gutxieneko pentsioak %7 baino gehiago igotzea ere, Elma Saiz Espainiako Gobernuko bozeramaile berriak eta Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak iragarri zuenez.

Bestetik, ezkontidea ardurapean duten eta familia-kargak dituzten alarguntasun-pentsioak are gehiago igoko dituzte, %11,4, eta kotizazio gabeko pentsioak eta bizitzeko gutxieneko diru sarrera (GGD) ere %11,4 handituko dituzte, Elma Saizek prentsaurrekoan zehaztu zuenez. Kotizaziopeko pentsioak, prezioen bilakaeraren arabera, %2,7 igoko dira 2026rako.