Oihana DAGUERRE-Oier IRIARTE

U14k atxilotutako lau militanteak askatzeko eskatu du

U14 kolektiboko lau kide atzeman zituen atzo goizean Jendarmeriak, iazko uztailaren 14ko manifestazioaren karietara. Atxiloketak salatzeko, 200 bat lagun elkartu ziren Kanboko jendarmeriaren aitzinean.

Kanboko jendarmeriaren aitzinean eginiko elkarretaratzea.
Kanboko jendarmeriaren aitzinean eginiko elkarretaratzea. (Oihana DAGUERRE)

Atzo goizaldean Jendarmeriak U14 kolektiboko lau lagun atxilotu zituen. Euskal Irratiak-ek jakinarazi zuenez, Xumai eta Ekhi Gorostiaga anaiak dira horietako bi, Larresoron, beren etxean, atzemanak izan zirenak. Beste bi kideak Hendaian atxilotu zituzten. Atxiloketak 2025eko uztailaren 14an kolektiboak Ezpeletan eginiko mobilizazioarekin lotuak dira.

Goizeko gertakariak salatzeko 200 bat pertsona elkartu ziren 13.00etan Kanboko jendarmeriaren aitzinean. KAZETAk jaso zuen bertako informazioa. Protesta ekitaldian kolektiboko ordezkariek aditzera eman zutenez, bi larresoroarrak Uztaritze eta Kanboko jendarmerietan atxikiak ziren; Hendaiako bi atxilotuak, aldiz, Senperekoan. Hortaz, iluntzerako beste mobilizazio bat iragarri zuten: 19.00etan Senpereko jendarmeriaren aitzinean bildu ziren.

Gauzak horrela, U14ko ordezkariek kazetariei adierazi zietenez, «Frantziar Estatuak eta bere polizia dispositiboak U14 suntsitu nahi du». Hala, haien ustez, ez da legea ez errespetatzea oraingoan zigortua izan dena, baizik eta «jardun politikoa da zigortu eta kriminalizatu dena».

ASKI HARRITUAK

Are gehiago, atxilotuei leporatzen zaien manifestazioa eragileak inoiz egin duen «lasaiena» izan zela azpimarratu zuten: «Ez zen deus berezia egin. Banderola batzuk atera eta harrabotsa egin zen karriketan, baina deus berezirik ez». Hori dela eta, «aski harrituak» direla aitortu zuten.

Hain zuzen, 200 bat pertsona mobilizatu ziren iazko udan Ezpeletan “Frantses eta espainiar okupazioaren parean, Euskal Herria askatu” lelopean, «uztailaren 14a besta egun frantsesa eta besta egun arrotza» dela gaitzesteko. Ipar Euskal Herriak pairatzen dituen zenbait arazo deitoratu zituen kolektiboak, hala nola «masa turismoa eta euskal kulturaren merkantilizazioa».

U14 KOLEKTIBOA

Uztailak 14 kolektiboa 2020an sortu zen, urte hartako frantziar nazioaren jaiegunean, Ipar Euskal Herrian mobilizaziorik izan ez zela ikusirik. «Uztailaren 14a besta egun frantsesa izanik eta besta egun arrotza izanik, kontra ahotsik ez izatea problematikoa iruditzen zitzaigun», adierazi zuen kolektiboko kide den Garazi Adurizek, Ziliport kontrainformazio atariari eskaini elkarrizketan.

Bere erranetan, «garaia politikoki aski nahasia zen Euskal Herrian, eta Ipar Euskal Herrian bereziki: diskurtsoa aski lausotzen hasi zen».

Hutsune hori bete asmoz mobilizatu ziren hainbat gazte, eta 2021ean lehen aldiz manifestatu ondotik, 2025ekoa laugarren aldia izan zen. Hala, asimilazioaren kontzeptua ardatz gisa kokatu dute orduz geroztik antolaturiko hitzorduetan. Hain zuzen ere, «asimilazioaz ohartu, kontuan hartu, antolatu eta erresistentziara pasatzea» dute xede.

Iazko manifestazioaren lekua ez zuten kasualitatez hautatu. Orain arte kostaldean, Donibane Lohizunen, egindako mobilizazio hau barnealdera hurbildu nahi izan zuten. Izan ere, azaldu zutenez, «maiz kostaldearekin lotzen ditugun problematika horiek hemen ere agertzen dira. Horren adibide argia dugu Ezpeletan presente den masa turismoa eta euskal kulturaren merkantilizazioa», adierazi zuten. “Hau ez da Frantzia, Euskal Herria da”, “Estatu frantsesa, estatu terrorista” edota “Bakerik ez, amnistiarik gabe” bezalako leloak entzunarazi zituzten mobilizazioan.