Robert Grenier arkeologoa hil da, «San Juan» baleontziaren aitabitxia
Robert Grenier, «San Juan» baleontziaren hondoratze-lekua aurkitu eta aztertu zuen lantaldeko zuzendaria, zendu da. Nazioarteko urpeko arkeologian erreferentea zen Grenier, eta 2015ean «San Juan»-aren aitabitxi izendatu zuten.

Robert Grenier, “San Juan” baleontzia berreskuratzeko lanean funtsezko arkeologoa, zendu da urtarril hasieran. Kanadan jaioak ibilbide profesional luzea egin zuen urpeko kultura-ondarea bilatzen, ikertzen eta babesten, eta, 1978an, Selma Huxley historialariak emandako informazioari esker, bere lantaldeak Red Bay-n aurkitu zuen 1565ean hondoratutako “San Juan” baleontziaren hondoratze-lekua. «Aurkikuntza horretatik abiatuta, ordura arte inoiz egin gabeko eskala handiko indusketa hasi zen. Artikoko uretan egindako lehen indusketa handi hau mugarri zientifiko bihurtu zen, erabilitako metodologiagatik eta ikuspegi zabalagatik», esan dute Albaola itsas Kultur Faktoriakoek.
“San Juan”-aren ikerketak 30 urtez baino gehiagoz iraun zuen laborategian. 2007an argitaratutako bost liburukiko eta 2.000 orrialdetik gorako azken txostena urpeko arkeologiaren nazioarteko erreferente bihurtu zen, bai eta XVI. mendeko euskal itsas ondarea ezagutzeko funtsezko iturri.
2014an, Robert Grenierrek eta Parks Canada-k “San Juan”-aren ikerketaren lekukoa Albaolari pasatu, eta hiru hamarkadatik gorako ikerketan sortutako dokumentazio zientifiko osoa eman zioten. Ekintza horrek abiarazi zuen baleontziaren erreplika zientifikoa eraikitzeko proiektua. 2015ean, Grenier “San Juan”-aren aitabitxi izendatu zuten, ikerketa arkeologikoaren eta berreraikitze prozesuaren arteko lotura indartuz.
«Urte hauetan guztietan Grenierrek hainbat alditan bisitatu zuen Faktoria, eta nabarmen parte hartu zuen erreplikaren gila jartzeko ekitaldian. 2025eko azaroaren 7an egindako uretaratzean ezin izan zuen parte hartu, baina bertan izan zen bere emaztea, Caroline Marchand, eta hura izan zen, Grenier ordezkatuz, ontziaren txopa sagardoarekin bataiatu zuena», ekarri zuten gogora Albaolakoek. Eskertza ere egin zioten, urteotan emandako babesagatik: «Gure esker ona eta aitortza adierazi nahi diogu Robert Grenierren ekarpen erabakigarriari, itsas historia unibertsaleko kapitulu garrantzitsuenetako baten ezagutza berreskuratzeagatik».

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
