Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Txotx garaia aurkeztu dute zazpi herrialdeetako sagardotegiek

Euskal Herri osoko sagardotegiek, denek batera, aurtengo denboraldia aurkeztu dute. Nabarmendu dutenez, produktu ugari eskainiko dituzte aurrerantzean txotxean zein merkatuan.

Sagardo sektoreko profesionalen familia argazkia, Donostiako aurkezpenean.
Sagardo sektoreko profesionalen familia argazkia, Donostiako aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

“Bertako plazerra” lelopean aurkeztu zuten Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko txotx denboraldia. 2025 sagar urtea izan da eta uzta handia izan da, espero baino %15 sagar gutxiago jaso badute ere, neguko hotz faltak eraginda. Emaitza, zuku arinagoak eta %6ko graduazio ingurukoak. Guztira, 3,1 milioi litro ekoitzi dira. 46 sagardotegi biltzen ditu Euskal Sagardoa deiturak -250 sagargileren 4,4 milioi kilo sagar erabili dituzte-, eta horiek produktu desberdinak eta askotarikoak eskainiko dituzte aurrerantzean, hasieran sagardotegietan eta gero merkatuan.

Aurkezpena Donostiako Konstituzio plazan egin zuten, nahiz eta eguraldiak bertaratuei ez zien prestatutako festaz behar bezala gozatzen utzi. Haize boladek muntatutako karpak mugitzen zituen eta, hortaz, aterpera mugitu behar izan zuten dena. Hala ere, lehen txotxa egin ahal izan zuten familia argazkia atera ostean. Bertan, sektorea bere osotasunean babesten duten eragileak bildu ziren.

Iaz iragarri zuten bazutela proiektu bat esku artean, aspalditik, eta hurrengo 18 hilabeteetan loratzea espero zutela. Eta oraindik martxan ez dagoen arren, laster abiatzea espero dute, Europatik datozen azken baimenen zain baitaude. “Malus Bat” proiektuaz ari gara, Nafarroak Euskal Herriko gainontzeko sagardotegiekin bat egitea ahalbidetuko duena, guztiek jatorri deitura beraren aterkiaren azpian legearen arabera aritu ahal izateko. Horri esker, markari eta produktuari indarra eman ahal izango diote, denek batera norabide berean igeri eginez.

Atzoko aurkezpenaz aparte, datorren astean egingo dira beste hainbat ekitaldi. Urtarrilaren 14an, Astigarragan Txotx Berri eguna izango da, Petritegin; hurrengo egunean, berriz, Goierriko, Arabako eta Nafarroako sagardotegien irekiera ekitaldiak egingo dituzte Oiharte (Zerain), Trebiñu (Trebiñu) eta Toki-Alai (Lekunberri) sagardotegietan, eta Usurbilgo Saizar ere zabalduko dute. Urtarrilaren 16an, berriz, Urnietako sagardotegien irekiera ospatuko dute Eulan, eta Andoaingokoena, Mizpiradin. Bizkaiko sagardotegien irekitzea urtarrilaren 20an izango da, Zornotzako Uxarten.

ESKAINTZA ZABALA

Donostiako aurkezpen ekitaldian izan zen Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun diputatua, eta azpimarratu zuen txotx denboraldia lurraldeko ekitaldi garrantzitsua dela, eta balioa ematen diola «gurea den produktu unibertsal bati, bai eta, guk urte osoan zehar gozatu ahal izan dezagun, sagardogileek egunero egiten duten lanari» ere.

Era berean, herritarrei dei egin zien txotx denboraldi honetaz «goza dezaten ardura eta errespetutik, gure ingurua eta sagardoak dauden herrietako bizilagunak zainduz, eta garraio publikoa erabiliz. Erosoa da eta askoz seguruagoa, eta horregatik, Aldunditik zerbitzu bereziak jarriko ditugu», baieztatu zuen.

Dominguezek esan zuen gero eta bisitari gehiago etortzen direla sagardotegiez gozatzeko. Izan ere, sagardo sektorean berrikuntzak txertatzen ari dira pixkanaka bisitariei balio erantsi bat eskaintzeko, eta horien berri izan dezakegu www.sagardoa.eus webgunearen bidez.