GARA
BILBO
PILOTA

Fisikoa mugara eramanda, Etxeberriak eta Rezustak burua altxatu dute

Peio Etxeberriak eta Rezustak bigarren puntua eskuratu dute, Logroñoko Adarragan, partida exijente batean, Zabala eta Martija mendean hartu ostean. Azken postuan jarraitzen dute baina garaipen honekin burua altxatzea lortu dute.

Peio Etxeberria, aurreko jardunaldi bateko argazki batean.
Peio Etxeberria, aurreko jardunaldi bateko argazki batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Arnasa hartu eta motxila pisutsua apur bat samurtu dute Peio Etxeberriak eta Rezustak, Binakako Txapelketan bigarren garaipena poltsikoratuta. Akaso beranduegi izan daiteke, bederatzigarren jardunaldia baita jada eta huts egiteko tarte oso txikia daukate. Errealitatea hauxe da: bost partida falta dira lehen fasea bukatzeko eta kanporaketak bi puntura dituzte. Hain zuzen ere, atzo mendean hartutako bikotea da ataka estuan geratzen dena, txapelketa hain estua izanik, puntuen balioa gorenera eramaten baita: garaipen batek arnasa ematen dizu eta porrot batek, ziurgabetasuna.

Peio Etxeberria eta Javi Zabala aurrez aurre egonda, aurreikustekoa zen partida fisikoa, baina gaitasun hori mugara eraman zuten lau pilotariek. Lehenbiziko etenaldi luzearen ondoren, betiko leloaren betiko leloa errepikatuko zela zirudien; alegia, Peio Etxeberriak eta Rezustak behera egin eta urdinak gailenduko zirela.

Lehen erdi parekatu eta piloteatuaren ostean -tanto ikusgarriak eginda-, Zabalak eta Martijak 0-7ko partziala ezarri eta markagailuan ihes egitea lortu zuten (12-18). «Momentu batean amorrua ere sentitu dugu, ondo jokatzen arituta ere, detaileengatik aurkaria ihes egiten ikusi dugunean», onartu zuen Rezustak ETBko kameren aurrean.

Amorru hori borrokarako baliatu zuten eta pazientziaz, buruarekin jokatuz eta Peio Etxeberria jokora ongi lotuz, partidan sartu ziren, 17-18 lehenik eta 20na gero, zenoztarraren sake labur baten ondoriozko falta tarteko. Aurrelari nafarrak, halere, akatsari buelta eman eta sake indartsuarekin asko behartu zuen Martija, bai eta Zabala, bere zigilua duen bi pareta paregabearekin -guztira, bost tanto egin zituen modu horretan-.

Puntu bakoitzaren balioaz hitz egiten du partida honek, baina zuloan zegoen bikote baten berpizkundea ekarriko duen ikusteko dago. Baina bikoteak gauzak zail jartzen jarraitzen du: lehen jardunaldietan izan ezik, tanto gutxigatik galdu dituzte partidak, aurtengo txapelketan dagoen parekotasunaren erakusle. Ostiralean ere, Elordik eta Zabaletak osatutako bikoteak kontrako 13-18 markagailua irauli zuen, 21-22 irabazteko.

GASTEIZKO OGETAN

Bederatzigarren jardunaldia Gasteizko Ogeta pilotalekuan amaituko da gaur, Laso-Albisu eta Jaka-Iztueta bikoteen arteko partidarekin. Bikote gipuzkoarrak bosgarren puntua bilatuko du, onenen arteko lehia estuan egoteko, behera begira baino, gora begira egoteko. Lasok eta Albisuk, bestalde, sailkapenaren gorenean nabarmentzen jarraitu nahiko dute.

Zazpi garaipen eta azken bostak erreskadan lortu dituzte Lasok eta Albisuk eta hanka bat finalerdietako ligaxkan daukatela esan genezake. Lehia estua izango da zuzeneko sailkapena ematen duen bigarren postua horretarako.



Goikoetxeatarrentzat Berriatuko txapelak

Berriatuko Master txapelketak izen propio bat eduki du: Goikoetxea sendiarena. Hain zuzen ere, herenegun jokatu ziren finalak eta emakumezkoetan, denboraldiko lehen txapela jantzi zuen Maia Goikoetxea berriatuarrak, Lur Lejardi markina-xemeindarrarekin bikotea osatuta. Gizonezkoetan, bestalde, Erkiagak Gernikako Winter Series txapelketako arantza kendu zuen Aratz Goikoetxea bizkartzain izan zuela. Anai-arrebak dira Maia eta Aratz, biak oso gazteak, eta beraz, ostiral gauean txapel bana eraman zuten etxera.

Emakumezkoetan, Lejardiren intentzioa Arakistainen esperientzia baino gehiago izan zen aurreko koadroetan eta bere ahizpa Arai Lejardiri gogotik izerdiarazi zion. Maia Goikoetxeak, zenbait hutsegite egin bazituen ere, atzean indartsu eutsi zion, garaipena poltsikoratzeko azken eta hirugarren setean (15-8, 13-15 eta 1-5).

Emakumezkoetan luze jo zuen partidak eta are luzeago gizonezkoetan, Berriatuko Mendibarren pilotalekuan batu ziren ehunka zaleren gozamenerako. Pilotaleku motzagoa izanda, pilota motelagoen alde egin zuten gizonezkoek eta tanto ikusgarriak eskaini zituzten, parekotasuna mugara eramanda. Zeharo akituta bukatu zuten lau pilotariek -gaueko hamaikak bueltan bukatu zen jaialdia- eta garaipen estua Erkiaga-Goikoetxea bikotearentzat izan zen (15-14, 15-13). Bihar, Winter Seriesen txanda Gernikan. GARA