GARA
DONOSTIA

Astilleros Balenciagako beharginak lanera itzuli dira, urtebeteren ostean

Zumaiako Astilleros Balenciaga ontziolako langileak lanera itzuli dira, urtebeteren ostean. Abu Dhabi Ports taldeak erosi du lantegia eta, horrela, enpresaren jarduna mantentzea lortu dute. Egokitze lanetan murgilduko dira datozen asteetan.

Astilleros Balenciagako langileak, abenduan egindako agerraldi batean.
Astilleros Balenciagako langileak, abenduan egindako agerraldi batean. (Jon URBE | FOKU)

Astilleros Balenciaga ontziolako langileak lanera itzuli ziren atzo, astelehenarekin, urtebeteko ziurgabetasunaren ostean. Abu Dhabi Ports talde arabiarrak ontziola erosi du 11,2 milioi euroren truke, eta horri esker, Zumaiako fabrikaren zuzeneko zein zeharkako jarduera salbatu ahal izan da, hartzekodunen konkurtsoan sartu baitzen enpresa 2024ko abenduan.

Instalazioetan berriz ere lanari ekin ahal izateko, lehenik eta behin, ontziola osoa garbitu eta makinak prestatu behar dituzte, urtebetean ez baita lantegia produkziorako erabili. 100 egunean dena atontzea espero dute.

Egokitzapen lanok datozen asteak baldintzatuko dituztela aurreratu zuten langileek, baina jarritako epea betetzea espero dute, badutelako zeri heldu amaitutakoan. Ontzi berriak diseinatzen ere hasiko dira bitartean, datorren martxoan hasi nahi baitute dagoeneko enkargatu dizkieten ontziak egiten.

Ontziola atontzeko lanek luze samar joko badute ere, enpresak adierazi du makineria ez dagoela egoera txarrean. Izan ere, lantegia geldi egon den urtebete honetan ontziolaren mantentze lanez arduratzen den taldea lanean aritu da, makinak aldian-aldian piztu eta, horrela, horiek hondatzea eragozteko.

AKORDIOA, ABENDUAN

Balenciaga ontziola Abu Dhabi Ports taldeari saltzeko akordioa in extremis iritsi zen joan den abenduan, epea amaitzear zela, enpresa batzordearen oniritzia eskuratu ondoren. Izan ere, langileen oniritzia ezinbesteko baldintza zen operazioa aurrera atera zedin.

Azkenik, langileek jabe berrien azken eskaintza onartu zuten. Horrela, baietz esan zioten soldatak %5 murriztea eta hiru ekitalditan haiek izoztea aurreikusten zuen proposamenari. Era berean, 59 kontratu subrogatu dituzte, zazpi bakarrik baztertu baitziren txandaka edo erretiratzeko adinean egoteagatik.

Akordioa eginda, enpresa batzordeak ziurtatu zuen jarduerari eusteko helburua lortu zela.

Ildo horretan, David Tejera ontziolako batzordeko (CCOOk, UGTk eta LABek dituzte ordezkariak) presidenteak atzo bertan adierazi zuenez, pozik daude euren lanpostuetara itzultzeaz. CCOOko ordezkariak helburua enpresaren «jarraipena» bermatzea zela azpimarratu zuen.

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak akordioa sinatu zutenean adierazi zuen negoziazioa «gogorra, luzea eta zaila» izan zela eta sentsazio «gazi-gozoa» geratu zitzaiola.

EH Bilduk akordioa «albiste ontzat» jo zuen, lanposturik ez galtzea dakarrelako. Hala eta guztiz ere, azpimarratu zuen gatazka puntualez harago, beharrezkoa dela «industria plan proaktibo» bat ontzea, epe luzerako ere balio beharko duena.