ION SALGADO
DONOSTIA

Itzulpen berri bat Agatha Christieren heriotzaren 50. urteurrenean

Agatha Christie idazle britainiarrak idatzitako “Hilketa bat iragartzen da” liburuaren itzulpena aurkeztu du Igela argitaletxeak, idazle britaniarraren heriotzaren 50. urteurrenean. Amaia Gurbindok itzulitako lehen eleberria da.

Gurbindok itzuli du Christieren liburua.
Gurbindok itzuli du Christieren liburua. (Maialen ANDRES | FOKU)

Egun berezia zen atzokoa. Duela 50 urte, 1976ko urtarrilaren 12an, zendu zen Agatha Christie idazle famatua. Eta Igela argitaletxeak urteurrena aprobetxatu zuen hilketaren erreginak idatzitako “Hilketa bat iragartzen da” liburuaren itzulpena aurkezteko.

Inazio Mujika Iraola editoreak Donostiako Udal Liburutegian egindako agerraldian azaldu zuenez, 50 zenbakiak garrantzi handia dauka, izan ere, 50 dira urte Christie hil zela, eta “Hilketa bat iragartzen da” liburua idazle britaniarraren 50. lana izan zen. Hori gutxi ez eta, gainera, 1950. urtean argitaratu zuen.

Liburuaren argumentuari dagokionez, tituluak ondo laburbiltzen du irakurleek topatuko duten istorioa. Abiapuntua egunkari batean agertu den iragarki bat da. Zehazki, hilketa bat iragartzen da; noiz gertatuko den, data eta ordua agertzen dira bertan. Urriaren 29an gertatuko da, ostirala, 18.30ean.

«Herriko bizilagunek jolas makabrotzat hartuko dute, eta irakurlea jokoan jarriko du, denak sumagarri bihurtuz», adierazi zuen Inazio Mujikak, eta eleberriak gerraosteko Ingalaterraren deskribapena eskaintzen duela nabarmendu zuen kazetarien aurrean.

Badira arrazismoarekin lotutako arazoak, baita genero rolekin harreman zuzena duten gakoak ere. «Indarra du eta zorionekoak dira liburu honen bitartez Christie ezagutuko duten gazteak», azpimarratu zuen editoreak, eta Amaia Gurbindo itzultzaileak egindako lana goraipatu zuen.

LEHEN ELEBERRIA

Gurbindok ere hitza hartu zuen atzoko prentsaurrekoan. Ohartarazi zuenez, itzultzen duen lehen eleberria izan da “Hilketa bat iragartzen da”, eta berezia izan da, bere gurasoak Agatha Christieren zaleak direlako. «Baditugu liburu pila bat etxean».

Zailena liburuan agertzen diren hitz jokoak itzultzea izan dela aitortu zuen, eta argi utzi zuen «arretaz eta mimoz» irakurri behar den liburua dela.

«Lehenengoz irakurtzen dutenek pentsa dezakete azkar irakur daitekeela, esaldiak oso luzeak ez direlako eta elkarrizketa ugari daudelako, baina informazioa galtzeko arriskua dago. Izan ere, Christiek ez ditu agerikoak diren gertakarien bidez adierazten liburuaren gakoak. Lerro artean irakurri behar da eta arreta handia jarri behar da elkarrizketetan dauden hitz joko txikietan», gaineratu zuen.

Amaitu aurretik itzultzaileak azpimarratu zuen bere helburua dela «euskaraz gustura irakurtzea, modu errazean». Eta ohartarazpen bat egin zien irakurleei: «Asko aldatzen dira hasieratik amaierara bitartean pertsonaiei buruz dugun irudia eta haien arteko harremanak».