GARA
DONOSTIA

Errotua dagoen matxismoaren aurkako protokoloa, 2026an prest

(H)emenek eta EABk sustatu duten ikus-entzunekoetan eta arte eszenikoetan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa 2026ko lehen lauhilekorako egongo da prest. Sektorean normalizatua eta errotua dagoen matxismoari aurre egiteko sortu dute.

Pelikula baten filmaketako irudia. UROPA PRESS
Pelikula baten filmaketako irudia. UROPA PRESS (E)

(H)emen Elkartea eta Euskal Aktoreen Batasuna(EAB) ikus-entzuneko eta arte eszenikoetako indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa ari dira garatzen eta, iragarri dutenez, 2026ko lehen lauhilekorako egongo da prest «sektoreko eragileekin batera ezarri ahal izateko».

Garapenaren azken fasean dagoen protokolo hau prozesu sakon baten emaitza da. Izan ere, protokoloa garatzeko oinarri nagusiak ikerketa eta diagnosi lan sakon bat izan dira. Lan hori Garazi Arregi Leonek egin du, EHUren eta EITBren Multimedia Komunikazioko Masterraren amaierako lanaren esparruan, Tania Arriaga eta Itxaso del Castillo irakasleen tutoretzapean.

Aipatutako diagnostikoak Euskal Herrian ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen alorrean lanean dabiltzan 90 profesionalen esperientziak bildu ditu inkesta bidez, baita profil ezberdinetako bost elkarrizketa sakon eta focus group baten ekarpenak ere.

«Azterketak agerian uzten du indarkeria matxista ez dela kasu isolatuen emaitza, baizik eta sektorearen egiturarekin, hierarkiekin eta botere harremanekin lotutako errealitate sistemikoa», ziurtatu dute elkarteetatik.

ESPAZIO SEGURUEN FALTA

Izan ere, datuek agerian uzten dute profesional gehienek (%57,8) ez dutela beren lantokia espazio seguru gisa ikusten, eta indarkeria psikologikoa, sexuala edo lan esplotazioa «modu zabal eta normalizatuan» gertatzen dela, «askotan isiltasunak eta zigorgabetasunak babestuta».

Zehazki, inkestatutakoen %43,3k indarkeria matxista jasan du bere lan esparruan, %60k indarkeria kasuak ikusi dituela baieztatu du eta %65,5i biktimak berak kasuren bat kontatu diola ziurtatu du.

Indarkeria zuzenean jasan dutenen kasuan, %58,97k generoagatiko indarkeria psikologikoa (irainak, gutxiespenak, presioa eta manipulazioa aipatzen dira) pairatu du. «Askotan ‘laneko tentsio’ gisa normalizatzen da, baina eragin sakona du», ziurtatu dute. Kasu horietan, gainera, %87,18k esan du erasotzailea hierarkiaz edo botereaz baliatu den norbait izan dela. «Datu hau diagnosiaren gakoetako bat da. Indarkeria estuki lotua dago hierarkiarekin eta botere abusuarekin», nabarmendu dute, eta inkestatu baten hitzak ere bildu dituzte: «Denok dakigu pertsona bat botere abusua egiten ari dela... baina zuk baino botere handiagoa dauka. Orduan ez diozu ezer esaten». Indarkeria sexuala (%35,9) eta lan esplotazioa (%30,7) ere oso presente daude diagnosian.

Datuen arabera, inkestatuen %91k uste du egun ez dagoela tresna eraginkorrik sektorean indarkeria matxistari aurre egiteko, eta %46k emaitza eraginkorren falta aipatu du («ez da ezer aldatzen») eta %38k beldurra adierazi du, espresuki, errepresaliei zaiena zein ‘‘zerrenda beltz’’ batean sartzearena.

Egoera horren aurrean, sektoreko profesionalek aho batez adierazi dute tresna eraginkor, espezifiko eta lotesle baten beharra, prebentzioa, arreta eta erreparazioa uztartuko dituena: %93,3k uste du protokolo baten sorkuntza ezinbestekoa dela.

Testuinguru horretan, protokoloaren helburua argia da: «Ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako lan eremuak seguruagoak eta bidezkoagoak bihurtzea, indarkeria matxistari aurre egiteko mekanismo argiak ezarriz eta sektore osoaren erantzukizun kolektiboa sustatuz», berretsi dute.

Bi elkarteek helburu gisa markatu dute, halaber, protokoloa «nahitaez bete beharreko tresna bihurtzea» ekoizpen eta erakunde guztientzat.