GARA
IRUÑEA

Guardia Zibilak Altsasuko Udalaren eta gaztetxearen aurka egin du

Nafar Gobernuaren Barne Zuzendaritza Nagusiak 42.000 euroko isuna jarri dio Altsasuko Udalari, gaztetxean egindako zazpi kontzerturengatik, Guardia Zibilaren salaketa batzuk oinarri hartuta. Alkateak neurria gaitzetsi eta gaztetxea ez duela «inoiz» hustuko esan du.

Altsasuko gaztetxea, 2019ko Ospa egunean hartutako irudi batean.
Altsasuko gaztetxea, 2019ko Ospa egunean hartutako irudi batean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiak zehapen prozedura bat hasi du Altsasuko Udalaren aurka, Guardia Zibilak zazpi salaketa jarri zituelako Gaztetxean 2024ko martxotik 2025eko irailera beste horrenbeste kontzertu egiteagatik. 42.000 euroko isuna galdegin diote Udalari, 6.000 euro aipatutako kontzertu bakoitzeko. Udalak berak eta Gazte Asanbladak gogor gaitzetsi dute prozedura.

«Guardia Zibilak errazena egin du. Sare sozialetara jo du zer ekitaldi egiten diren ikustera, eta, horrekin batera, zehapen prozedura bat abiarazi du Altsasuko Udalaren aurrean, eraikinaren titular gisa edo, gutxienez, arduradun gisa», esan zuen atzo Javier Ollo alkateak. Gaztetxea duela 35 urte, 1990ean, okupatu zen, baina Udala da titularra.

Alkateak azpimarratu zuen salaketak «lankidetza eta leialtasun instituzionalaren printzipioetatik urrun» geratzen direla eta horiek «bidegabeak» direla gaineratu zuen. «Jakin badakigu Guardia Zibilak erabaki duela Udalaren kontrako horrelako salaketak egitea presioa egiteko helburuarekin, bai eraikinaren lagapena erregularizatzeko, bai eraikina husteko», azaldu zuen Ollok.

Hala ere, ziurtatu zuen eraikina ez dutela «inoiz» hustuko. «Gaztetxearen antolaketarekiko ezberdintasun ideologi- koez aparte, beti defendatuko dut, azken 35 urteetan bezala, beren jarduerak egiten jarraitzea. Herri osoko alkatea naiz, baita gaztetxera joaten diren gazteena ere. Ez dut Guardia Zibilaren presioen aurrean amore emango kasu honetan, eta gaztetxeak Altsasuko eragile sozial eta kulturalen beste agente bat izaten jarrai dezan borrokatuko naiz», esan zuen.

«OFENTSIBA OROKORRA»

Bere aldetik, Altsasuko Gazte Asanbladako kideek «Euskal Herrian gaztetxeen kontra egiten ari diren erasoaldiaren barnean» kokatu dituzte salaketak eta prozedura. «Antolakuntzaren eta okupazioaren kontrako ofentsiba orokorraren beste adierazle bat da», adierazi zuten.

Gogora ekarri zuten Guardia Zibila 2010ean saiatu zela gaztetxea husten. «2010ean tximiniak su hartu zuenean desalojatzen saiatu ziren, zuzenean mehatxatu gaituzte espazioa desalojatuko dutela esanez eta, orain, isun ekonomikoen bidez, Udala bitartekari gisa erabili nahi dute erasoa gauzatzeko», aipatu zuten. Eta Nafarroako Gobernua ere erantzule egin zuten: «Ardura zuzena dauka isunak tramitatu eta alegazioa ezeztatu duelako». Ildo horretan, «argi» ikusten dute «arazoa» ez direla kontzertuak, «baizik gure herrian gaztetxe eta asanblada bat izatea; benetan zapuztu nahi dutena honek betetzen duen funtzioa delako».