Seaskako ikasleek berriz ere frantsesez egingo dute baxoa, eredu berriaren zain
Aldaketarik ez, aurten bederen, azterketen auzian. Baxoa eta brebeta iazko molde berean egingo dituzte 2026an Ipar Euskal Herriko ikasleek, frantsesez, hain zuzen ere. Datorren urtera begira, heldu den apirilerako, «euskararen aipamena jasoko duen baxo eredu berri bati buruzko egitasmoa» aurkezteko engaiamendua hartu du Parisek.

Euskal parlamentariek eta Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek hitzordua zuten astelehen arratsaldean Parisen. Besteak beste, ikasleek baxoko probak euskaraz egiteko aukera -zehazki, berezitasunen probak eta Ahozko Handiaren azterketa- aztertu zuten sakonki bilkuran.
Azken hilabeteetan eginiko lanketaren ondorioz «baldintza guziak» betetzen direla «baxoa euskaraz egiteko baimena emateko» adierazi zuen Seaskak bilkuraren atarian. Alta, auzi horren karietara «hitzak jaso ditugu eta ekintzen zain gelditzen gara», adierazi zuen Peio Dufau diputatuak.
Gauza bat argi dago: aurten baxoa zein brebeta iazko moldean egingo dituzte murgiltze ereduko ikasleek, frantsesez.
Izan ere, Edouard Geffray frantziar Hezkuntzako ministroak heldu den ikasturtetik goiti eredu berri bat abian emateko engaiamendua hartu du. Proposamena apirilean aurreikusten den hurrengo bileran mahaigaineratuko du, atzerriko hizkuntza berezitasun gisa hartzen duten ikasleekin egun aplikatzen den antzeko moldea baliatuz, «euskararen aipamena jasoko duen baxo eredu berria» arautzeko.
Egitasmo hori jaso arte «engaiamendu orokorren eremuan» gelditu dela auzia aitortu zuen Dufauk. Izan ere, bilkuran aztertu zen ereduari buruz iritzi aski baikorra azaldu zuen. Diputatuaren arabera, ikasleen galera bat ematen da jada kolegioan. Alta, euskararen aipamena baxoan ofiziala bilakatuz gero, ikasketak euskaraz burutzeko «pizgarri bat dela» iradoki zuen.
2026ko deialditik aurrera, «matematikako proba aurreratu bat» gehituko zaio baxoko azterketari. Hori aintzat harturik, joan zen irailean proba aurreratu horren baldintzak zehazteko argitaratu zen aginduak ez zuenez azterketa egiteko hizkuntzari buruz irizpiderik zehaztu, Seaskak aurreratu zuen «aurkako argibiderik ezean», ikasleak dagoeneko hasi direla matematika proba euskaraz prestatzen.
Haatik, eredu aldaketa tartean, heldu den urtetik aitzina lehenengoan sartuko diren ikasleek proba euskaraz egin ahal izateko atea zabalik egon daiteke.
HEZKUNTZA ELEBIDUNA OROKORTU
Hizkuntza elebiduna zabaltzeko «adostasuna» plazaratu du, bestalde, Hezkuntza ministroak. Gurasoen eskaeraren arabera antolaturiko egungo sistematik eskaintza orokortzea xede duen eredu batera iragatea da helburua. Hala, sare publikoan posible litzateke gela elebidun berriak ugaritzea, eta euskararen sustapenaren erritmoa azkartzea.
Edonola ere, borondatetik harago, Hezkuntza Ministerioak ez du egutegirik martxan hori plantan emateko.
Azkenik, irakasleen formakuntzan euskara txertatzearen alde agertu zen ministerioa. Bretainian jadaneko abian den ereduari segituz, Euskal Herrian euskaraz jardungo duten irakasleen beharrak bermatzeko behar bezalako formazio ibilbide bat abian jartzea aurreikusten da.
Horretan ere ez da eperik zehaztu Parisen hilaren 12an eginiko bilkuran, Dufauk nabarmendu zuenez.
«Ministroak lurraldeko eskoletako irakasleei prestakuntza ibilbide bat irekitzeko engaiamendua hartu du», nabarmendu zuen, aitzinamendu gisa, Maider Behoteguy buru duen Euskararen Erakunde Publikoak.
Ildo beretik, balioa eman dio «lurralde mailako politika bat plantan ezartzeko eta irakaskuntza eskaintza garatzeko» ministroak asteleheneko bileran agertutako borondateari.
SEASKAK MOBILIZAZIORA JOKO DU
Seaskak, bere aldetik, oharra plazaratu zuen esanez euskal ordezkaritza «esku hutsik» atera zela Parisen eginiko bileratik. «Hitzez aitzinatuko ginela erran ziguten, ekintzetan gibelka ari dira», adierazi zuen. Hori dela eta, hilaren 24an mobilizazio fase berri bati ekingo diola iragarri zuen Seaskak.
«Euskaltzale, familia eta hautetsiei galdegiten diegu data hau agendan atxiki dezaten. Elementu gehiago izanen dira ondoko egunetan», gaineratu zuen oharrean Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak.

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete
