P. LEKUONA - O. AIZPURU
Entrevue
Maite Gartzia
EAEko Podemosen idazkariordea

«Kexan geratu ordez, kontuak negoziatzea erabaki dugu»

EAEko Podemosekin egin dituzte Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiek aurrekontuak onartzeko akordioak. Zaintza erdigunean jarri dutelako eta aurrekontua handitzea lortu dutelako «pozik» agertu zen atzo Maite Gartzia, EAEko Podemoseko idazkari nagusiaren ondokoa, NAIZ Irratiarekin elkarrizketan.

(GARA)

Azken hilabeteetan jarreraz aldatzea erabaki du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Podemos alderdiak. Erakundeetako aurrekontuen negoziazioak izan dira duela gutxi arte, eta herritarrentzat onurak lortzeko akordioak itxi dituztela goraipatu zuen atzo Maite Gartziak, EAEko Podemoseko idazkariordeak, NAIZ Irratiarekin izandako solasaldian. Zaintza erdigunean jarri dutela eta aurrekontuak handitu dituztela esan zuen, besteak beste.

«Gizartearen gehiengoarentzako onurak» eskuratu dituzte, bere hitzetan. «Egia da hauek ez direla gure aurrekontuak, ez dira Podemosen aurrekontuak. Gureak izango balira, beste modu batera eraikiak egongo lirateke. Baina aspaldi erabaki genuen ez dugula kexan geratu nahi, eta, gure herritarrentzat onura batzuk lor baditzakegu, horretan saiatuko gara. Ez dugu edozein gauza, ezer txarrik, sinatuko, baina hori da gure bidea, hori da bilatzen ari garena», adierazi zuen.

BALIABIDE GUTXI DUTENEN ALDE

Araba, Bizkai zein Gipuzkoan parte hartu du negoziazioan Podemosek. «Gipuzkoan lortu eta sinatu genuen lehendabiziko akordioa, eta ona izan zela uste dut. Zaintza jarri genuen batez ere mahai gainean: erresidentzietako hitzarmenak, eguneko zentroak, pertsona helduak. Baita hor lan egiten duten pertsonak, gu zaintzen gaituztenak, ere. Haien baldintzak hobetzearen alde egin dugu. Horretarako, hamar milioi euroko aurrekontu igoera eskatu genuen».

Bestetik, baliabide gutxien dutenei laguntzeko ahalegina egin dutela azaldu zuen. Horri begira, lau milioi euroko diru partida lortu zuten.

Garraio publikoari dagokionez, 15 urtetik beherako lagunentzat dohainik izatea posible egin zuten. Mugi txartelean sistema progresiboa handitzea eta onura gehiago izatea ere sustatu dute; besteak beste, 26 urtetik beherako gazteentzat.

Basozainekin dagoen arazoari konponbidea eman nahian, beraiekin behin eta berriz bildu direla kontatu zuen Gartziak. «Haiek eskaera asko egiten dituzte, eta ikusi dugu ditugun baliabideak ez direla nahikoak. Hori aldatzearen alde egin dugu», agertu zuen. «Horretarako, partida berri bat egingo da, milioi bat eurokoa. Baliabide pertsonalak (zazpi-zortzi langile), ekipamendua eta materiala eskuratzeko izango da».

Zuzenketa partzial batzuk ere negoziatu dituzte. Adibidez, 10.000 euroan handitu dute Alarderako dirulaguntza.

GERNIKAKO ESTATUTUA

Egunotan eztabaidagai izan da Gernikako Estatutua. Maria Ubarretxena sailburua kexu entzun dugu, abenduan egin behar zen eskuduntzen eskuordetzea eskatuz. Egoera horretaz Podemosek zein irakurketa egiten duen galdetuta, Maite Gartziak onartu zuen egia dela eskuordetzeak egina egon behar zuela eta oraindik ez dagoela egina. Hala ere, esan zuenez, alderdia ez da eztabaida horretan sartuko. «Negoziatu dira, eta euskaldunentzat onurak ekarriko dituzte. Baina ez zaigu gustatzen hor sortzen den jokoa. Kanpotik ikusten duguna behintzat da lehian dabiltzala gure ikurrina nork maite duen gehiago, eta ez gara horretan sartuko. Gobernuek akordioa egin zuten eta bete egin behar da. Kito. Eta beteko dela ulertzen dugu».

EAJren jarrera ikusita, Junts-en bidea hartzeko nahia egon daitekeen aipatuta, ez duela halakorik uste esan zuen EAEko Podemoseko idazkariordeak. «Mehatxuetan geldituko direla uste dut, besterik ez. Junts eta EAJ ez dira berdinak, eta politika egiteko modua ere ez da berdina».

EAJ, EH Bildu eta PSE diskrezioz negoziatzen ari dira Estatutu berria. Podemosek eztabaida horretan parte hartu nahiko luke? «Bai. Zergatik ez? Guk ere transferentziak egiteko eskatu dugu, gure subiranotasuna behar dugulako. Adibidez, Osakidetza eta hezkuntza duela urte askotik hemen daude eta oso onak izan dira guretzat. Hortaz, gero eta konpetentzia gehiago izateak guretzat onurak ekarriko dituela ulertzen dugu», erantzun zuen.

Nicolas Maduro eta Cilia Flores bahituta, munduaren ordena «buruz behera» gelditu dela azaldu zuen. Trumpek egin duena «onartezina» dela eta «diru gerra hauekin» ez datozela bat esan zuen Maria Gartziak.