Deserosoa eta desafiatzailea

Azken urteotan, pantailan inoiz ikusi gabeko amatasunaren irudikapenak agertzen hasi dira. “Nightbitch”, “Die My Love”, “Salve María” eta halako filmek esperientzia erraietakoa eta deserosoa erakusten dute, samurtasun klixeetatik urrun. “If I Had Legs I’d Kick You” multzo horretan kokatuko genuke.
Rose Byrne protagonista duen filmak amatasunaren erretratu gordin eta ezohikoa eskaintzen du. Komedia ilunaren eta erraietako errealismoaren elementuekin nahastuta, film dramatiko honek Linda du ardatz, emozioen kolapsoaren ertzean dagoen emakumea.
Linda gainezka dago: alabarekiko ardurek -gaixotasun misteriotsu bat du-, senarraren urrunaldiak, bizitzeko ezinezkoa den etxeak, pertsona baten desagerpenak eta terapeutarekin duen harreman gero eta zailagoak ito egingo dute; Byrnek antzezpen lan ikaragarria egiten du.
Bronsteinek itxura klaustrofobikoa eta atsedenik ematen ez duen erritmoa erabiltzen ditu. Kamera Lindagandik oso hurbil kokatzen da, eta ikuslea haren tentsio eta akiduraren testigu bilakatzen du. Lindaren alaba, bestalde, planotik kanpo dago une oro; ahotsa entzuten da, baina bere presentzia ia ikusezina da. Soinuak eta enkoadraketa itogarriek etengabeko deserosotasun sentsazioa indartzen dute.
Zuzendariak Lindaren barne-pertzepzioa islatzen duen eraikuntza subjektiboa aukeratu du, elementu surrealistekin eta sinbolismo bisualekin -sabaiko zuloa-, agerian utziz protagonistak ezin duela bere bizitza “altxatu”.
Pelikula desafiatzailea eta deserosoa da. Ez du ez erantzunik, ez kontsolamendurik eskaintzen; horren ordez, iragazkirik gabe, bere buruari eutsi ezin diola sentitzen duen emakume baten erretratu itogarria egiten du.

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
