Ehun mila litrotik gorako ekoizpena osatu dute aurten Bizkaian
Bizkaian gogotsu ekin diote sagardo denboraldi berriari, eta kalitate handiko ekoizpen orekatua aurkeztu dute. Sektorea baikor ageri da aurtengo txotxari begira, nahiz eta bertoko sagarraren etorkizunari buruzko kezka ez den desagertu.

Bizkaian sagardo denboraldia martxan dago jada eta, salbuespena ez bada ere, aurtengo ekoizpena oso orekatua izan da, kantitate zein kalitatearen aldetik. Uxarte sagardotegiko arduradun den Jose Antonio Zamalloaren arabera, sagar urtea izan da hau, bi urtetik behin gertatzen den bezala, eta uzta oparoa bildu dute. «Aurtengoa ez da orain bi urteko uzta bezain ona izan, baina iazkoa baino dezente hobeagoa bai, zorionez. Eguraldia lagun izan dugu eta hori argi eta garbi nabaritzen da produktua dastatzen duzunean».
Sei sagardotegi daude Bizkaian. Haietako bi -Zornotzako Uxarte, eta Markina-Xemeingo Axpe- irekita egongo dira txotx garaian, jendeari otorduak eskaintzeko. Gainerakoek, Etxebarria (Gatika), Erdikoetxe (Lezama), Etxerriaga (Zornotza) eta Leartibai kooperatibak (Gizaburuaga), euren ekoizpena botilatzera bideratzen dute batik bat. Etxerriagan, gainera, bisitak antolatzen dituzte, baserriko produktuak giro txukunean dastatu eta erosi ahal izateko.
Zamalloak nabarmendu duenez, hartzidura primeran joan da aurtengo neguan eta kalitate goreneko edaria dago upategietan. Ekoizpen handiko beste urteetan, sagardoa arinagoa eta alkohol gutxiagokoa izan ohi da, baina aurten ez omen da horrelakorik gertatu. Emaitza: sagardo orekatua, berezko izaera eta egitura ezin hobea dituena.
Ekoizpenari dagokionez, Bizkaiko sagardotegiek 100.000 litro baino gehiago egin dituzte, bertoko sagarra erabiliz. Hala ere, Zamalloak bere kezka adierazten du, gero eta ozenago, belaunaldi berririk ez dagoelako. «Lauzpasei urte barru, bertoko sagar autoktonoaren falta itzela izango dugu. Gero eta jende gutxiago ari da sagarra ekoizten, eta hau ez da soilik Bizkaian gertatzen, Euskal Herri osoan baizik». Bere ustez, sektorean lan egitea erakargarria eta errentagarria izan dadila inplikatu beharko lukete erakundeek. Ildo horretan, Euskal Sagardoa Euskal Herri osora zabaltzeko egin den ahaleginak arazo hori konponduko duen itxaropena agertu du.
URTE OSOKO DENBORALDIA
Denboraldiaren hasierak beti sortzen ditu ardura eta ilusioa, nolabaiteko zirrara, erronka, grina. Bizkaian denboraldi ofiziala urtarrilaren 20an hasiko da Zornotzako Uxarte sagardotegian egingo duten ekitaldiarekin.
Zamalloak aitortu digu Bizkaiko eta Gipuzkoako sagardotegietan sortzen den giroa guztiz ezberdina dela. «Guk ez dugu dena denboraldira edo festara bideratu nahi. Eredu lasaiagoa nahi dugu, kalitatezkoa, masifikaziotik urrun, urte osoan barrena banatutako kontsumoa mimo handiz zainduz». Filosofia horrek giro finagoa bilatzen du, gozagarriagoa, fokua bezeroarengan ipiniz, horren esperientzia ezin hobea izan dadila.
Ekoizpen orekatua, upategiko emaitza onak eta etorkizun ertaineko erronkak direla eta, Bizkaiko sagardoak denboraldi berriari egiten dio aurre, bere nortasuna eta bere ezaugarriak berretsiz, Euskal Herriko sagardogintzaren eszena askotarikoan merezi duen lekua aurkitu nahirik.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
