Etchegarayk herriko bozetara aurkeztuko dela baieztatu du
Jadanik zurrumurrua hedatua bazen ere, martxoko herriko bozetara aurkeztuko dela baieztatzeko prentsaurrekoa egin zuen atzo Jean-Rene Etchegarayk. Zerrenda otsail hastapenean jakinaraziko du. Hala, oraingoz lau hautagaitza dira Baionan.

Badira zenbait aste Jean-Rene Etchegarayren, egungo Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariaren, hautagaitza denen ahotan zela. Bada, martxoaren 15 eta 22ko herriko bozetara aurkeztuko dela jakinarazi zuen atzo.
Egungo auzapezak azaldu zuenez, bi arrazoi nagusi izan dira iragarpena gibelatzeko. Batetik, herritarrenganako errespetuz agintaldiaren amaierara ahal bezainbat hurbildu nahi izan du: «Sei urterako izaten da auzapez, ez bost eta erdirako». Bestetik, urte hastapen honetan diren hitzordu instituzionalen egutegia nahaskorrago ez bilakatzeko: behin erakundeen garaia bukatzear dela, kanpaina abiatzeko une egokia dela deritzo.
Baionaren alde auzapez lanetan segitzeko gogotsu dela zehaztu zuen Renaissance alderdiko kideak. Era berean, nahiz eta zerrenda oraindik ez aurkeztu, iragan bozetako zerrendaren heren bat gutienez aldatuko duela adierazi zuen, «jarraikitasuna, esperientzia eta berrikuntza» jasotzen dituen talde «oso zabala» bilduz.
Zerrenda osoa otsail hastapenean argitaratuko du Etchegarayk. Alta, izenik eman ez baldin bazuen ere, kanpainan buru-belarri ari dira bere egungo udal taldeko bi kide: Sylvie Durruty (LR Errepublikanoak alderdiko kidea) kanpaina zuzendaria eta Joseba Erremundeguy kanpainako komunikazio zuzendaria.
Horrez gain, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaritzara aurkeztuko den berantago erranen duela azaldu zuen. Hala ere, lehendakari izan edo ez, Baionako Herriko Etxean eserlekua lortuz gero Ipar Euskal Herri mailako erakundean ere tokia ziurtatua izanen du.
Bestetik, baionarren artean hedatzen hasia zen zurrumurru bat gezurtatu zuen 73 urteko hautagaiak: berriz auzapez izatekotan ez duela agintaldi erdian kargua uzteko asmorik. Berak, aldiz, erreleboa prestatu beharko duela onartu du. Beraz, pentsa daiteke 2026tik 2032ra artekoa azken agintaldia izanen duela.
LAU ARDATZ
2020tik hona izan dituen lan ardatz nagusiek osatuko dute heldu den agintaldirako programa: baionarren babesa, bizigiroaren edertzea eta herritarrentzako laguntza. Hala, azken urteetan ildo horietan eginiko lanaren bilana egin zuen.
Lau dira oraingoz Lapurdiko hiriburuan aurkeztuko diren zerrendak. Alde batetik, ezkerra izanen du aitzinean Etchegarayk: Jean-Claude Iriart buru duen Baiona Mugimenduaren zerrenda zabala; bestetik, Henri Etcheto sozialistaren Sinpleki Baiona. Eskuin muturrarekin ere lehiatu beharko du, Pascal Lesellierrek Unis pour Bayonne, l'Alternative zerrenda aurkeztuko baitu.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk
