Begiradaren beldurra, maitasunaren erresistentzia

Frankizia handien eta formula errepikatuen zarataren erdian, “La misteriosa mirada del flamenco” bezalako film batekin topo egitea benetako oparia da. Western moderno baten itxura duen film berezi hau Txileko iparraldean girotuta dago, 1980ko hamarkadaren hasieran, ezjakintasunak eta paranoiak markatutako testuinguru batean. Hamaika urteko Lidia hautsez beteriko meatze-herri zakar baten ertzean bizi da, bazterketara kondenatutako “queer” familia batekin. Herrian zabaltzen ari den «gaixotasun misteriotsu» baten errua beraiei egozten diete: homosexualitatea begiradaren bidez transmititzen omen da.
Filmak “queer” komunitate marjinalizatu baten eguneroko bizitza du ardatz, samurtasunez, umorez eta gizatasunez marraztua. Pertsonaiak biktima pasibo gisa irudikatu beharrean, subjektu konplexu gisa aurkezten ditu: lotura afektiboak sortzeko, zaintza-espazioak eraikitzeko eta kanpoko indarkeriaren aurrean erresistentzia moduak garatzeko gai diren pertsonak dira.
Ikuspegi formaletik, filmak bere diskurtsoa sendotzen du erabaki estetiko oso zehatzen bidez. Nabarmena da 4:3 formatuaren erabilera. Formatu horrek, girotze historikoarekin bat eginez iraganera eramateaz gain, ikuseremua mugatzen du, horrela gorputz disidenteen gainean dagoen gizarte-zapalkuntza azpimarratzeko. Irudiaren testura pikortsuak eta argi naturalaren erabilera ausartak materialtasun ia ukigarria ematen diote filmari, errealismo gordinaren eta lirismoaren arteko oreka bilatuz.
“La misteriosa mirada del flamenco” lan ausarta da: politikoa, eta ezohiko sentiberatasun poetiko batek zeharkatua. Beldurrari, bazterketari eta desirari begirada intimo eta alegoriko batetik heltzeko gai da filma, eta ahots propioa duen zinemagile baten aurrean gaudela berresten du.

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»

Una iniciativa europea contra el pacto UE-Israel busca un millón de firmas
