Sektoreak kezkaz begiratzen dio makrokontzertuen gorakadari
Euskal musikarentzat 2025a arrakasta eta jarduera sortzaile handiko urtea izan da, baina sektoreak kezkaz begiratzen dio makrokontzertu zein ekoizpen handien eta proiektu txiki eta ertainen arteko polarizazioari; izan ere, azken horiek dira musika-ehunaren oinarria, Musika Bulegoak gogora ekarri duenez.

Musika Bulegoa elkarteak 2025eko euskal musika sektorearen balantzea aurkeztu zuen atzo, Euskal Herriko elkarte, industria, areto, musikagile eta musikarien ekarpenetan oinarritutako urteroko balorazioa, alegia, bai eta 2026ari begira ageri diren erronken gaineko irakurketa ere.
Ondorio nagusi gisa, 2025a euskarazko musikarentzat urte emankorra izan bada ere makrokontzertuen gorakadak sektorean kezka eragiten duela adierazi du Musika Bulegoak. Musika Industriaren Elkarteko (MIE) lehendakari Amaia Ispizuaren iritziz, esaterako, «urte historikoa» izan da iragan berri dena, euskarazko proiektuek inoiz ez bezala estadio handiak betetzeko gaitasuna erakutsi dutelako, baina horren albo-ondorioetan ere jarri du begia: musika-ehuna sostengatzen duten milaka talde eta artista txiki eta ertainei eragiten die, horientzat musikatik bizitzea oraindik ere erronka handia baita. Hala, sarrera salmentetan errekorrak eta kontsumo digitalean hazkundea nabaria izan bada ere, hau «ez da modu ekitatiboan banatzen, eta proiektu handietan pilatzen da».
2025a urte emankorra izan da, Elkar diskoetxeko Andres Camioren ustez ere: salmenta digitala mantendu egin da eta formatu fisikoan ere emaitzak onak izan dira, batez ere Durangoko Azokan. Bidean Produkzioak-eko Julen Caminok ere urtea «oso aktiboa» izan dela azaldu du, baina baita «kezka handiz bizitakoa» ere, publiko handiak ekitaldi handietan kontzentratzeko joera erakutsi baitu, eta horrek proiektu txiki eta ertainen bideragarritasuna zailtzen du. Edukiera txiki zein ertaineko espazioak apurka desagertzeak egoera bereziki zaila sortzen du hasi berri diren taldeentzat.
Hori uste du Sara Azurza musikariak ere; euskal musikaren industria hedatzen eta dibertsifikatzen ari den heinean polarizazio bat sortzen dela eta makrokontzertuen protagonismo gero eta handiagoa formatu txiki eta ertainen kalterako dela, horientzat «ez baitago behar beste baliabide, espazio eta zirkuitu egonkorrik». Testuinguru horretan, bere ustez, beharrezkoa da sektoreak ordezkaritza handiagoa izatea eta musikarien errealitateen aniztasuna kontuan hartuko duten politikak ezartzea, baita emakumeen presentzia, ikusgarritasuna eta parte-hartzea indartzea ere. Ildo horretan, emakumeek gidatutako proiektu berriak sortzen ari direla nabarmendu du Ispizuak, «nahiz eta benetako berdintasuna oraindik lortzeko dagoen».
EGITURAZKO ERRONKAK ETA PREKARITATEA
Musikagileak elkartetik, Helga Ariasek azpimarratu du sorkuntza-guneek eta kultura-eragileek lanerako gaitasun handia, proposamen aniztasuna eta berrikuntzarako borondate argia erakutsi dutela, baina «egiturazko erronka garrantzitsuak» daudela uste du; besteak beste, publikoak handitu eta dibertsifikatzeko beharra, proposamen artistiko konplexuek dakarte ekoizpen kostuen igoera eta anbizio artistikoaren eta bideragarritasun ekonomikoaren arteko tentsioa aipatu ditu. Sarean lan egiteko beharra nabarmendu du, Musikari elkarteko Sara Azurza eta Marina Landak bezalaxe: «ezinbestekotzat» jotzen dute Euskal Herriko musikarien arteko kidetasun sentimendua eta babes kolektiboa sendotzea.
Ikuspegi zabalago batetik, Musikari elkarteak adierazi du musikarien lan-ezegonkortasunak sektorearen errealitate bat islatzen duela, eta babes espezifiko handiagoa eskatu dute egoera ahulenetan daudenentzat. Ildo beretik, Ana Arsuagak (Verde Prato) ziurtatu du sektorea oraindik urrun dagoela «bizitza profesional duin bat» bermatzeko baldintza ekonomikoak eskaintzetik. Bere ustez, musikariak dira oraindik ere «katebegi ahulena», industria osoa haien sormen lanean oinarritzen bada ere.
Ondorio gisa, Musika Bulegoak nabarmendu du «sormen handia, aktiboa eta arrakastak» hor badaude ere, «desoreka handiak» daudela sektorean eta, beraz, 2026ko erronken artean daudela oinarri-ehuna indartzea, aretoen zein formatu txiki eta ertaineko zirkuituen biziraupena bermatzea, musikarien lan-baldintzak hobetzea, finantzaketa eredu egonkorragoetaranzko bidea egitea eta hazkunde artistikoan lagunduko duten kultura-politikak garatzea, epe luzerako egitura iraunkorra izango dutenak.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
