Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainaren esanetan, Martxoaren 3ko Memoriala Fundazioan «tentsioa dago biktimen elkarteekin». Era berean, adierazi du elkarte horiek izaera zinez «mingotsekoak» direla, eta zaila dela patronatuan lan egitea.

«Tentsioa dago biktimen elkarteekin, izaera zinez mingotsekoak dira, eta zaila da patronatuan lan egitea». Hitz horiek erabili zituen Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainak Martxoak 3 Memoriala Fundazioan parte hartzen duten Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteei buruz hitz egiterakoan.
Radio Euskadiri atzo emandako elkarrizketa batean apezpikuak Elizbarrutiaren lana goraipatu zuen, eta gizarte eta erakundeen «errekonozimendu falta» kritikatu. «Eliza laga dugu memorialaren edukiaren parte dela ulertzen dugulako», adierazi zuen, eta «administrazio gaiekiko moteltasuna izugarria» dela aitortu.
Ildo horretan, komeni da gogoratzea Gogora Institutuko zuzendari Alberto Alonsok azaroan eliza jaiotzak erakusteko espazio gisa erabiltzeari egotzi ziola Memoriala martxan jartzeko izan diren atzerapenaren errua, eta zuzenean Gasteizko Gotzaindegiaren aurka egin zuela. «Gai horrekin nire pazientziaren mugara iristen ari naiz», azpimarratu zuen.
Eta abenduan Alonsok berak ohartarazi zuen elizan ziren jaiotzak lekuz aldatzeak «hilabeteak» atzeratu zitzakeela egin beharreko lanak. Haren esanetan, horrek eragotzi egingo du Memoriala martxoaren 3an prest egotea, sarraskiaren 50. urteurrena beteko denean.
Baina Elizalde gotzainaren ustez hori ez da arazo bat. «Egun horretarako memoriala prest egotea anekdotikoa baita», esan zuen. Apezpikuak nabarmendu zuen «hainbeste denboraren ondoren patronatu bat dagoela, proiektu bat dagoela, eta urratsak egiten ari direla».
Jaiotzei dagokionez, azaldu zuen arazoa «konponduta» dagoela: «Paketatuta daude». Hala ere, lekualdaketa lizitatu egin behar dela gaineratu zuen, eta prozesu horiek, 15.000 eurotik gorakoak direnean, «betikotu» egiten direla. «Gai administratiboa da, eta guk ez dugu inolako errurik».
ELIZAREN BIKTIMAK
Bestalde, Espainiako Gobernuak eta Espainiako Gotzainen Batzarrak sexu abusu eta erasoen biktimei laguntzeko berriki egindako akordioa baloratu zuen. Elizak eta Estatuak parte hartuko duten sistema mistoa sortuko da, biktimek parte har dezaten eta Elizak kalte ordainak bere gain har ditzan.
«Ona da elkarlanean aritzea eta helburu komunetan bat egitea», adierazi zuen Elizaldek, eta Elizak plan bat bazuela ohartarazi zuen, eta «oso ondo funtzionatzen» ari dela.
Eliza «etxeko lanak egiten» ari dela ziurtatu zuen, «horretaz konbentzituta dagoelako eta gai horren aurka borrokatzeko baliabide guztiak jartzen ari delako», baina, bere ustez, ez dira berdina egiten ari «beste erakunde batzuetan».
Bestalde, esan zuen beharrezkoa dela Gobernu espainolak «ahal duen guztia egitea gainerako alor guztietan». Izan ere, apezpikuaren hitzetan, sexu abusuen eta sexu erasoen biktimen «%0,2k baino ez dute Elizarekin zerikusia». Gainerakoak familian, kirol arloan, aisialdian edo eskoletan jazotzen omen dira. «Bestela, Elizaren biktimak soilik seinalatzen dira, eta Eliza gizarte osoari eragiten dion arazo baten errudun bilakatzen da».

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk
