Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Berori

Ipuinak ahoz gora kontatzeak (irakurri gabe, alegia), zuzenean lotzen gaitu hizkuntzaren baliabideen erabilpenarekin. Euskalkiak, erritmoak, aldaerak, digresioak, itzulinguruak... ipuinaren narrazioan etengabe erabiltzen dira, ahozko kontaketaren bat-batekotasunaren erakusgarri; ordea, aurreko lanketarik gabe hankamotz geldituko da, hizkuntzak eskaintzen dituen baliabide liluragarriak bazter bidean utziz. Eta, sarri, bat-batean erabilitako hitz edo esakune horiek finkatuak geldituko dira, narrazioaren parte bihurtuz.

Kontalariok, gure narrazioak aberasteko, ezinbestekoa dugu hizkuntzaren baliabideak lantzea, behar den unean zakutik atera eta erabili ahal izateko. Ipuinetako pertsonaiek zein hizkuntz erregistro erabiliko dituzten izan da beti nire kezka. Nola hitz egingo du otsoak? Nola punki batek? Nola zuzenduko zaio ipuineko protagonista erregeari?

Gozamen handia hartu nuen aurrekoan Gayarre tenore nafarrak bere izebari idatzitako gutuntxoa irakurtzen. Gayarre ospetsua euskalduna zela deskubritzeaz gain, erronkarieraz ederto egingo zuela deskubritu nuen, izebari berorika zuzentzean adibidez: «naidia sin cona ichasoaren ecustra?». Eta belarrietan esaldi horrek nolako doinua izango lukeen imajinatzen duzu. Hala, tenore honetan berorri eskainitako hitzak ditu, irakurle maitea.