Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
28 YEARS LATER: THE BONE TEMPLE

Hondarren gainean eraikitako izua

Zonbien generoan mugarri izan den sagaren jarraipena ez da erosoa; frankiziak berak hamarkadetan eraiki dituen espektatibekiko nahita desegokia dirudien lana da. Desoreka horretan datza, hain zuzen ere, bere bertuterik handiena: “28 Years Later: The Bone Temple” izaera propioa duen pieza harrigarria da.

Filmean, Kelson doktorea (Ralph Fiennes) mundua alda dezakeen harreman harrigarri batean murgilduko da; aldi berean, Spikek (Alfie Williams) Jimmy Crystalekin (Jack O’Connell) izan duen topaketa amesgaizto bihurtuko da. Kutsatuak jada ez dira mehatxurik handiena: bizirik atera direnen gizagabetasuna are beldurgarriagoa da. Tentsioa eta basakeria gizakien arteko indarkeriatik sortzen da, ez zonbietatik.

Aktore guztien lana bikaina da, bereziki Fiennesena. Haren pertsonaiak narrazioaren erdigunearen inguruan orbitatzen du, grabitate propioz. Fiennesek eszena gogoangarriak oparitzen ditu, baina bereziki nabarmentzekoa da Iron Maidenen “The Number of the Beast” doinupean gertatzen den unea.

Sagaren aurreko filmak larrialdian oinarritzen ziren bitartean -kolapsoa, kutsatzearen bortizkeria...-, film honek ia sedimentatua dirudien izaera bat du oinarri. Izua ez da jazarpenetik sortzen, aurreko munduaren hondarren gainean bizitzetik baizik. Hortik gogoeta abstraktuagoa eta, tarteka, deserosoagoa eraikitzen da.

Eszenaratzea ere norabide berean doa: zehatzagoa eta kontenplatiboagoa da, kamera dardartia eta muntaketa oldarkorra baztertuz, mundu postapokaliptikoaren behaketa ia erritual baten alde.

Laburbilduz, ez da atalik errazena edo irisgarriena, baina bai ausartena. Nia DaCosta zuzendariak sagako zatirik eroena, intimoena eta esperimentalena sinatu du, eta arrisku horretan bertan datza haren baliorik handiena.