Maite Gonzalezen «Strong back, soft front», egunerokoaren behaketaz hausnarrean
Tabakalerak «Strong back, soft front» inauguratu berri du; Maite Gonzalez Martinez artistaren bakarkako erakusketa honek Iñigo Villafranca Apesteguia du komisario eta egunerokotasunaren behaketari buruzko hausnarketa artistikoa da.

Maite Gonzalez Martinezen (Oiartzun, 1995) artxibo pertsonaleko irudien hautaketa biltzen du ‘‘Strong back, soft front’’ proiektuak. Datorren martxoaren 15era arte egongo da ikusgai Tabakalerako 2. erakusketa-aretoan.
Bideoaren eta collagearen bidez, gaur egungo irudien kontsumo azkar eta ia automatikoarekin kontraste nabarmena eskaintzen du proiektu honek. “Strong back, soft front” erakusketan, Gonzalezek begiratzeko beste modu bat proposatzen du; erakusketako piezek eszena sinpleak patxadaz eta arretaz behatzera gonbidatzen dute, eta agerian uzten dute normalean oharkabean pasatzen dena.
Lasai begiratzearen ahalmena azpimarratzen du, munduarekin zein inguratzen gaituzten pertsonekin dugun harremana hobeto ulertzen lagunduko digun praktika gisa.
Tabakaleraren komisariotza-egonaldi deialdiaren emaitza da Gonzalez Martinezen proiektua, aurtengo erakusketa urtea ireki duen hau.
LAU BIDEO-INSTALAZIO
Erakusketa lau bideo-instalaziok (“Nigthwish”, “Triptikoa”, “Loreblume” eta “Le monde paisible”), hainbat collagek eta flipbook-ek (segidan jarritako irudiz osatutako liburu txikiek) osatzen dute. Azken horietan, irudiak azkar pasatzean gertatzen den mugimendu-ilusioaren bitartez oinarrizko animazioa sortzen da.
Tabakalerako arduradunek azaldu dutenez, argitalpen horrek lotura egiten du liburuko irudien eta erakusketako bi bideo-instalazioen artean, eta Tabakalerarako espresuki sortua da.
Esan bezala, Iñigo Villafranca Apesteguia komisarioak eta Maite Gonzalez Martinez artistak elkarlanean sortu duten erakusketa Tabakaleraren komisariotza egonaldi deialdiaren emaitza da. Programa horrek tokiko komisarioei eta artistei laguntzen die, eta haien proiektuak zentroaren urteko programazioan txertatzen ditu.
Erakusketa osatzen duten hainbat jarduera antolatu ditu Tabakalerak: bisita-solasaldiak, familian egiteko lantegia, eta komisarioarekin eta artistarekin bisita gidatua, erakusketari amaiera emateko.
Maite Gonzalez Martinezen praktika artistikoak irudia hartzen du oinarri, lotura asko egiteko. EHUn Arte Ederren gradua egin zuen eta Pintura Masterra ere EHUn egin zuen. 2024an APP/PAP Arte Performatiboen Programan parte hartu zuen; Tabakaleraren babesa izan zuen eta Beatriz Setienek zuzendu zuen. Egonaldi artistikoak egin ditu CCA Glasgow-Hospitalfield-en, Tabakalerak bultzatuta, (2024) eta Reinosako Cuevas Celestino Erresidentzien Programan (2024). Gaur egun, prestakuntza-beka batean ari da Gordailuan, erregistro eta dokumentazio arloan.
Hainbat erakusketatan parte hartu du Gonzalezek; “XL Muestra de Arte Joven de la Rioja” (2024), “Argi urdin arrosa laranja” (2024), Irantzu Yaldeberen komisariotza Oxford Aretoan, Eremuak-en “Harriak” programaren barruan, “Beginning of a new world” (2022), “Fabryka Sztuki” (Polonia), Auritz Iñurrietarekin batera “Ni naiz kariño ta zu zare maitia’’ (2020) eta Keak (Lur Hartu) Du kolektiboan “Aire galerian” erakusketan, beste batzuen artean.
Erakusketaren komisarioa, aipatu bezala, Iñigo Villafranca Apesteguia (Valtierra, 1994) da. Komisario eta ikertzaile honek bere ibilbidean giza harremanen konplexutasunari heldu izan dio. Bere ikerketa-lerro nagusiak harreman-estetikak, irudia, paisaia eta utopia dira.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
