GARA
BILBO

Zabortegiaren auzian «ardurak ez ikertzeko asmoaz» ohartarazi du Zaldibar Argituk

Zaldibarko zabortegian hondamendia jazo zenetik sei urte betetzear direla, Durangoko Auzitegiaren azken erabakiak kritikatu ditu Zaldibar Argituk, 2015era arteko ekimenak preskribatutzat jo nahi direlako. Igandean elkarretaratzera deitu du plataformak.

Bosgarren urteurreneko ekitaldia, iaz Eitzagan.
Bosgarren urteurreneko ekitaldia, iaz Eitzagan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Durangoko Auzitegiak Zaldibarko zabortegiaren auzian hartutako azken erabakiek markatuko dute hondamendiaren seigarren urteurrena. Bertan hildako bi langileak, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze, oroituko dituzte igandeko ekitaldian, 12.30ean Eitzagan. Deialdia egitean Zaldibar Argitu plataforma harrituta eta haserre agertu da auzitegiaren jardunarekin.

Hasteko, ikerketa nagusian gertatzen ari diren «etengabeko luzapenak» aipatu zituen atzo plazaratutako ohar batean. Lan istripuari zegokion auzia azkar itxi zen, akordio baten bidez, baina ingurumenaren kontrako delituari dagokiona oso motel ikertzen ari da, eta oraindik ez dago epaitzeko zantzurik.

Gainera, aurreko astean jakin zen 2024. urtean auzi horretatik abiatutako beste adar batean jarri duela arreta auzitegiak. «Lehenengoan ez bezala, auzi berri honetan Zaldibar Argitu ez da agertzen akusazio lez», azaldu zuen plataformak.

Atal berri horren barruan erabaki du epaileak EH Bilduko alkate ohi Arantza Baigorri inputatu gisa deklaratzera deitzea, beste zenbait teknikari eta enpresarirekin batera, maiatzean. GARAk ostiralean argitaratu zuenez, Baigorrik egindako gauza bera -zabortegiaren zabaltzea «erregularizatzea» HAPOaren bidez, teknikariek hala proposatuta- egin zuen gero egungo lehendakari Imanol Pradalesek ere, Bizkaiko diputatu arduradun gisa plangintzaren azken onarpena sinatu baitzuen.

Zaldibar Argituren aburuz, larriena hau da: «2015a baino lehenagokoak preskribatuta daudela argudiatuta, epaileak uko egiten dio hori ikertzeari. Ondorioz, batetik, testuingurua desitxuratzeko arriskua dago, eta, bestetik, zabortegia bultzatu eta sostengatu zuten hainbat udal-agintariren ardurak ez ikertzeko asmo nabarmenegia».

Honakoa erantsi zuen plataformak: «Autoa oinarritzen da Ertzaintzaren ikerketetan eta 2019-2023 artean alkateorde izan zen Juan Mari Uriarteren adierazpenetan. Uriartek zuzendu zuen Udala eta, bereziki, Verter Recyclingekiko harremanak zabortegia amildu aurretik eta ostean. Autoaren pasarte batzuk baino ez ditugu irakurri ahal izan, eta harrigarria egin zaigu Uriarte eta Jose Luis Maiztegi alkate ohia ikertu moduan ez agertzea».

Nabarmendu dute, halaber, auto horretan Baigorriri leporatzen diotela Verter Recyclingen mesedetan jokatzea, ba omen zekielako enpresak baimenik gabe okupatutako lurrak zerabiltzala, eta hori HAPOan erregularizatu zuela. Hori «alkate ohiak edota bere alderdiak» azal dezaten nahi dute. Beste horrenbeste adierazi dute ikertutako hiru langileei buruz. Erantsi dute oraindik ez dakitela zelako ardura izan dezaketen horretan Lakuako Gobernuak eta Diputazioak; izan ere, «Zaldibarko HAPOak Foru Aldundiaren oniritzia jaso zuen 2020ko apirilean, Imanol Pradalesek sinatuta».

Sei urte igarota, honela laburbiltzen du egoera herri plataformak: «Eitzagan langile biren arduragabekeriazko homizidioa eta ingurumen kalte ikaragarria eragin zuten faktoreak (zabortegiaren tramitazioan irregulartasunak, Lakuako Gobernuaren arduragabekeria ikuskaritzan, ustiaketan egindako irregulartasunak, amildu osteko kudeaketa iluna) ikertu behar dira ardurak zehazteko». Kritiko agertu dira, iritzita filtratu berri den informazioak beste norabide bat markatzen duela. «Argitu dadila argitu beharreko guztia», azpimarratu dute. Gaineratu dute, ordea, arreta «arazoaren benetako mamitik» desbideratzeko saiakerek ez dutela helburu hori lortuko.

Zehatzago, «2020ko otsailetik instrukzio fasean dagoen auzia amaitu dezatela» aldarrikatu dute, zehaztu daitezen «hondamendiaren arrazoiak eta arduradunak. «Urteetako ikerketa horren» ondorioak ikusi nahi dituzte, «eta gero gerokoak».