Iker GURRUTXAGA
URTEURRENA

Doinuz blai hogei urtez, Baga Biga musika bulegoarekin

Iaz bete zituen Baga Biga musika enpresak 20 urte eta gaur ospakizuna izango dute Bilboko Euskalduna jauregian. Bidean lagun izan dituzten artistak eta lagunak elkartu nahi izan dituzte eta bi hamarkada hauetan oholtza gainean eskaini dutenaren lagin batez gozatzeko aukera izango da bertan.

Ezkerretik hasi eta lehendabizikoa da Arkaitz Hormaetxe.
Ezkerretik hasi eta lehendabizikoa da Arkaitz Hormaetxe. (BAGA BIGA eta Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Ez da erraza musikaren industrian biziarautea eta, are gutxiago, bi hamarkada oso bertan eman eta indartsu eta ilusioz segitzea. Horrela dabiltzala kontatu digu Baga Biga musika bulegoko Arkaitz Hormaetxe kideak. Hasiera-hasieratik dago bera enpresan, nahiz eta lehen fase hartan sartu-irtenean ibili zen. Zuzendaria, managerra edo zer ote den galdetuta, «‘kidea’ izango litzateke definiziorik egokiena», esan digu Hormaetxek. Enpresa txiki bat dira eta familia moduan lan egiten dutela esan daiteke; «hori da gure xarma, gure filosofia; horregatik ni kide moduan aurkeztea da egokiena». Mila lan egiten ditu enpresako kide bakoitzak, eta hastapenetara jo dugu Hormaetxeren eskutik: «Ni sukaldaria nintzen sasoi hartan. Musikaren bueltan kontzertuak-eta antolatzen genituen herrian, eta gisa horretara sartu ginen saltsa hauetan. Agus Barandiaranekin banuen harremana eta biok jarri genuen proiektua martxan, ilusioz eta gogoz ginenez, 2005ean. Gero ni irten egin nintzen bestelako kontu batzuk tarteko eta Iker Aginaga batu zen proiektura. Orain Iker eta biok gabiltza beste lau kiderekin batera jo eta su lanean». Bulegoa, diskoetxea, promotorea… denetariko lanak egin dituzte urte luze hauetan, hasieratik 360 graduko bulegoa izateko bokazio horrek bultzatuta.

Musikaren industria aldaketa sakonean murgilduta zegoen hasiera haietan, diskoen salmenta nolabait ere beheranzko joeran jarria zelako eta urte gutxiren buruan streaming plataformak agertu zirelako. «Hasiera horiek gogoratzen jartzen garenean gogorra izan zela esan daiteke, behin orain non gauden ikusita. Agus musikaria zen; Iker, soinu-teknikaria; eta ni, esan dudan moduan, sukaldaria. Baina esperientziarik gabeko pertsonak ginen. Ongi gogoratzen dut hasiera haietan apurka-apurka joan ginela ikasten eta ni hasi eta gutxira Ritxi Aizpuru ere sartu zela gurekin lanera. Hasiera horretan Athleticek Messi fitxatzea bezalako zerbait izan zen guretzat, Ritxi Aizpuru mundu honetan eskarmentu handiko pertsona delako», ekarri du gogora Baga Bigako kideak.

Hastapenetik gogor sartu ziren musikaren merkatuan, baina ez zuten asmo hori buruan. «Epe laburrean agertu zen 360 graduko bulegoa izatearena; izan ere, gure lanean eragin zezakeen dena kontrolpean izan nahi genuen, zentzu onenean ulertuta, diskoa kaleratzen zen unetik musikaria oholtza gainera igotzen zen unera arte. Hortaz, segituan ohartu ginen bulego integral bat ginela. Helburu hori nahi gabe etorri zen, baina filosofia honek ekarri gaitu honaino», aipatu du Hormaetxek.

Hastapenetako esperientzia faltak talde berriekin lan egitera bultzatu zituen Baga Bigako kideak. Beren lehendabiziko taldea Mungiako Los Moñas izan zen, eta beraientzat apustua izan zen, diskoa Oihuka etxearekin atera zutelako, «kasualitatez Ritxirekin». Handia izan zen beraientzat, Oihukarekin fitxatu zuen taldearen managementa egiten ari baitziren.

Bulegoaren figura hori ere ez zen hain ezaguna akaso sasoi hartan, talde bakoitza autogestioan mugitzen baitzen akaso gehiago Euskal Herrian: «Talde asko beren kasa zebiltzan, baina bulego batzuk ere bazeuden martxan. Hori bai, gurea bezalakoa, oker ez banaiz, bakarra zen hasiera horietan, bulego integral moduan ulertuta. Diskoetxeak baziren eta bulegoak ere bai, baina gure filosofiarekin lan egiten zuenik ez zen. Talde asko hasiberriak ziren ondorioz, edota bigarren diskoa kaleratzen zutenak. Latza izan zen, baina ilusioz gainezka egin genuen guztia».

Hala, taldeentzat ere arrotzak ziren nolabait ere, eta, haiengana nola hurbiltzen ziren gogoratuta, «inguruan behar bat bazela» nabaritu zuten. «Ez zegoen zigilu askorik; Elkar, Oihuka, Gor… potenteak ziren baina gutxi. Hala, edozein talde hasiberrik ezin zuen horrelako diskoetxe batean egon, eta guk, zigilu txiki moduan, aukera ematen genien. Bideragarria eta baliagarria izan zen halako talde askorentzat. Taldeengana gerturatzea ez zen zerbait hotza izaten, talde asko gauzak egiteko ilusioz zegoelako eta gu ere halatsu ginelako. Azkenean, enpresa hasiberri baten ilusio horrekin, ahal genuen guztia jartzen genuen mahaiaren gainean», kontatu du bizkaitarrak.

Bidean gora nahiko azkar egin zuten Baga Biga bulegokoek. Hasieran bezero dezente pilatuta zituzten agendan, eta hazkunde horren aurrean aurrera egin zuten, «pazientziarekin eta dakigunarekin». Hala, «du enpresa txikitxo bat gara, baina enpresa munduan hazkundeak badakigu zer dakarren, gero eta gehiago nahi eta gero eta handiago izan nahia. Guri hazkundea gustatzen zaigu, anbizio hori badugu, gauza berriak egin nahi ditugu, baina beti mantendu dugu gure txikiaren izaera hori eta pausoak sendo ematea», nabarmendu du Baga Bigako kideak.

Gatibu eta Esne Beltza batu zitzaizkien proiektua martxan jarri eta berehala, eta Hesian eta En Tol Sarmiento bezalako proiektuekin ere bide nabarmena egin zuten, azken hauek etxearen apustu nabarmenak izanda. Arrakastatsuaren eta hasiberriaren arteko oreka mantentzearen sekretuaz galdetuta, ordea, «psikologia lanak» omen dira garrantzitsuak. «Horrelako bulegoetan, eta beste edozein enpresatan ere baietz esango nuke, inbidia, mesfidantza… ohikoak dira. Talde batzuek 30 kontzertu egiten dituzte eta beste batzuek bost edo hamar, eta askotan galdetzen dute ea zergatik batzuek hainbeste eta besteek hain gutxi. Bada, hor psikologia lana sartzen da. Ilusioa ez galaraztea, pazientzia eskatzea eta lana eskatzea izaten da gure egitekoa egoera horien aurrean, azkenean lanari esker irteten direlako hainbat eta hainbat asmo berri». Kolpetik arrakasta lortzen den kasuan, berriz, oinak lurrean mantentzea oinarrizkoa dela uste dute Baga Bigan, «egun batetik bestera gauzak asko alda daitezkeelako, bai aurrera bai atzera egiteko».

Apustu denak, ordea, lana eginagatik ere ez dira ongi ateratzen, publikoaren faktorea sartzen delako tartean. eta horren aurrean zer nolako komunikazioa izaten duten galdetuta, gakoa «zintzoa izatea» dela esan digu Hormaetxek. «Inori ez zaio gustatzen gauza negatiboak esatea, baina askotan nabaritu egiten da zerbaitek funtzionatzen ez duenean. Guk beste saiakera bat egitera animatzen ditugu, ez dena bertan behera uztera. Lana eta pazientzia, apustu horri buelta emateko. Baina gero, bizitzan bezalaxe gertatzen da, ez badu ezerk funtzionatzen, beste zerbaitetara pasa beharko da», esan du manager bizkaitarrak.

Arrakastaren bide horretan, En Tol Sarmiento taldearen adibidea jarri dugu mahai gainean Baga Bigako Arkaitz Hormaetxerekin, hiru aldiz BEC bete ostean Madrilgo Movistar Arena eta Bartzelonako Palau Sant Jordi zapalduko dituzte eta: «Bide horretan ere asko ikasi behar izan dugu, lantegi berriak ikasi behar izan dira eta egoera berriei adarretatik heldu. Baina anbizio eta gogo horrekin jarraitzen dugu eta erronka berriei ere aurre egiteko prest gaude. Bulegoen arteko harremanaz ere galdegin diogu: «Denean bezala, harremanak tenkatzen diren arren, zorionez sektore nahiko garbia garela esango dugu. Beti egongo da lehia, azkenean salmenta dagoelako tartean, baina ez dugu elkar zapaltzen. Lehiakorrak gara, baina errespetuz eta modu garbian. Gainera, Euskal Herrian, zorionez, programazio kultural zabala daukagu eta kanpoko bulegoek badute nahi hori».

OSPAKIZUNA EUSKALDUNA JAUREGIAN

Iaz bete zituen Baga Biga bulegoak hogei urteak eta aurten izango da ospakizunerako beta. «Iaz bestelako proiektuekin nahikoa lan izan genuen, eta energia askorik ere ez genuen, baina gutako batek esan zuen ezin genuela ospakizunik gabe geratu eta aurten egiteko ideia jarri zen martxan», azaldu du Hormaetxek. Diskoetxe moduan, saltzeko eguna ere izan daiteke halako festa bat, baina Hormaetxek argi asko esan du: «Ospatzeko eguna da. Alde batetik, guk 20 urte daramatzagulako; baina, bestetik, gonbidatu eta sarrera eskuratu dutenek ere bai. Kontzerturen bat saltzen bada egun horretan, salduko dugu, baina salmentarena alde batera utziko dugu Euskaldunan». Ea zer nolako biharamuna duten.